Aitor Arregi zuzendariak edegi ditu XVI. Kameratoiaren izen-emoteak

Bizkaie! 2020-10-08 11:50   Zinemea

Urriaren 7tik zemendiaren 7ra dago aukerea.

Aitor Arregi zuzendari ospetsuak zabaldu dau 16. Kameratoia lehiaketan parte-hartzeko izen-emotea eta zemendiaren 7ra egongo da aukerea hemen.

Euskaltzaleen Topaguneak Lekeitioko Euskal Zine Bilereagaz batera antolatzen dauen euskerazko ikus-entzunezkoen rally hau zemendiaren 13tik 15era egingo da, Lekeitioko jaialdiaren barruan.

Aurten, sorpresa ugari iragarri ditue, izan be, lehiaketea online bidez gauzatuko da aurten eta Aitor Arregi (La trinchera infinita, Loreak, Handia) zuzendari sarituak oso leku berezia izango dau lehiaketan, parte-hartzaileen gidaria eta lanen epailea izango da Izibene Oñederra (Lursaguak) zuzendariagaz batera.


Kameratoia online

Egoera berezi honen aurrean antolakuntzak aldaketa batzuk ezarri ditu osasun neurriak beteteko: Izen-emotea kameratoiaren webgunearen bitartez egingo da baina urte honetan parte-hartzaileek ez dabe Lekeitiora bertaratu beharrik, nahi daben tlekuan grabau leikie film laburra zemendiaren 13tik 15era. Ohikoa dan moduan antolakuntzeak gaia eta ezaugarri batzuk argitaratuko ditu webgunean barikuan eta 36 ordu izango ditue idea landu, grabau eta montetako. Domekan, zemendiaren 15ean, eguerdiko 12:00ak baino lehen lanak postaz bialdu beharko ditue.

Horrezaz gan, zemendiaren 16tik 19ra bitartean film labur guztiak Euskal Zine Bilera jaialdiko webgunean ipiniko ditue publikoak gehien gustetan jakonari botoa emoteko. Kameratoiaren irabazleak zemendiaren 22an iragarriko dira, jaialdiaren zarratze ekitaldian.

Film labur onenak 1.000 euro irabaziko dau eta Topaguneak antolatzen dituan DemaSA lehiaketan eta Laburbira zirkuituan sailkatuko da. Bigarren onenak 600 euro jasoko ditu eta boto gehien jasoten dauenak Publikoaren Saria irabaziko dau, 100 euro eta Lekeition astegoiena pasetea.


Aitor Arregi parte-hartzaileen gidari eta aholkulari

Moriarti Filmseko zuzendarietako bat 16.Kameratoian parte-hartuko dau modu oso berezian, izan be, parte-hartzaileen gidari eta aholkularia izango da. Edizino hau aurkezteaz gan, arlo honetan bizi izandako esperientziak eta lehiaketa honetarako aholkuak konpartiduko ditu parte-hartzaileakaz
masterclass batean lehiaketea baino egun batzuk arinago. Era berean, parte-hartzaileek be galderak egiteko aukerea izango dabe.

Horrezaz gan, Izibene Oñederra zuzendariagaz batera edizino honetako film labur guztiak balorau eta 1. eta 2. sariak emongo ditue, jaialdia zarratzeko ekitaldian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu