Baltistan Fundazinoak jasoko dau aurten WOP Saria
2020-10-05 11:49 ZinemeaAlpinismoaren balioen alde egindako lana autortzeko emoten da saria.
Baltistan Fundazinoa autortuko dabe aurten BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia Jaialdian WOP-The Walk On Project Sariagaz. Nazinoarteko lankidetzako Gobernuz Kanpoko Erakundea da, Pakistaneko Karakorum mendi lerroan lan egiten dauena. Mendifilmen 13. edizinoan, abenduaren 4tik 13ra, Bilbon, egingo da saria emoteko ekitaldia.
Alpinismoaren balioen aldeko lana autortzen jako saridunari eta WOP Fundazinoak 7. urtez jarraian emongo dau, Mendifilmen: Gure ustez, Baltistan Fundazinoak bikain islatzen dau konpromisoa esamngura zabalean, jarduera alpetarra jorratzen dan testuinguruan, nabarmendu dau Mikel Renteria WOP-eko zuzendari nagusiak. Pakistan eta Himalaya mendikatea kirol eta alpetar balentria handien lekuko izanik, Baltistan Fundazinoak, alpinistek sortua, orain 20 urtetik hona inguru hari eta bertako biztanleei konpromiso handiko begiradea eskaintzen deutse. Alkartasuna, konpromisoa eta gure bizitza eta pasinoen inguruan ditugun beharren jaube izanez biziteko era hori balioesten ditue WOP Fundazinoak eta Mendifilmek sari honegaz, azpimarratu dau Renteriak.
Baltistan Fundazinoak gure lurretik bultzatutako eta Pakistanen jorratutako hainbat proiektugaz egiten dau lan, ingurumenaren, laneratzearen, hezkuntzearen, duintasunaren, emakumearen eta osasunaren arloetan: Horregatik jasoko dau 2020ko saria, harena lako adibideak oso beharrezkoak diralako egun mundu mailan bizi dogun testuinguru berezian, dino Renteriak.
WOP Saria-BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia aurreko sarituak:
Nives Meroi e Romano Benet (2019).
Juanjo San Sebastian (2018).
Peter Habeler (2017).
Sir Chris Bonington (2016).
Josep Manuel Anglada (2015).
Drawn film by Jeremy Collins (2014).
Baltistan Fundazinoa
Nazinoarteko lankidetzako GKE bat da, Baltistanen, Pakistango iparraldean lan egiten dauena, Hushe ibarreko komunidadeetako personen garapen personal, integral eta endogenoaren alde. Mendizaletasunaren munduan erreferentziazko erakundea da eta bere leloa da: Alkartasunean mendia bide.
Fundazinoa 2001ean sortu eta Felix Iñurrategi-Baltistan Fundazinoa izena ipini eutsen, Karakorumeko zortzi mila metroko mendietako batean, Gasherbrum II-an hain zuzen, hil zan Felix Iñurrategi mendizalearen omenez. Sortzaileak bere lagunak, senitartekoak eta mendizaleak izan ziran eta hasiera batean oso helburu zehatzik barik sortu bazan be, argi eben hango biztanleentzat beharrezko azpiegiturak eregiteaz gan ezinbestekoa zala bertako giza-emakumeei euren gaitasunak lantzeko aukerak eskaintzea, garapen ekonomiko jasangarri eta bardintzaile berezkoa sustatu eta kudeatzeko gai izan eitezan.
Baltistan Fundazinoak garapen integralean laguntzen dau neska-mutikoek jasoten daben hezkuntzearen hobekuntzearen alde lan eginaz, baita Ibarreko osasun zerbitzuen hobekuntzaren alde be, biztanleen ezagutzak eta gaitasunak areagotuz, garapen sozioekonomikoa areagotzeko personen gaikuntzearen bidez. Gainera, emakumeen ahalduntze prozesuak eta gizonen eta emakumeen arteko eskubideak eremu guztietan (hezkuntzea, osasuna, kulturea eta autonomia personala) parekatzea bideratzen dau.
Lekuan lekuko eragileakaz batera egiten dau lan, errespetu osoz eta garapen endogenoa sustatuz. Bertako talde, komite eta alkarte desbardinakaz koordinetan da, tartean Felix Foundation Baltistan (FFB), Ibarreko personez bakarrik osotutako erakundea. Eragile legez, jagokon autonomia eta mendizaletasunaren printzipioakaz bat datorren funtzionamendua sustatzen saiatzen dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!