'Dasatskisi / Beginning' filmak irabazi dau 68. Donostia Zinemaldiaren Urrezko Maskorra
2020-09-28 07:55 ZinemeaZuzendari onenaren, emakumezko aktore onenaren eta gidoi onenaren sariak be jaso ditu.
Dasatskisi / Beginning koprodukzio franko-georgiarrak irabazi du Donostia Zinemaldiaren 68. edizinoko Urrezko Maskorra eta hiru sari gehiago be eroan ditu: Zuzendari Onenaren Zidarrezko Maskorra Dea Kulumbegashvili hasibarriarentzat, Emakumezko Aktore Onenaren Zidarrezko Maskorra Ia Sukhitashvilirentzat eta Gidoi Onenaren Epaimahaiaren Saria Kulumbegashvili berarentzat eta Rati Oneli filmaren koproduktore eta filmeko aktoreetako bat danarentzat.
Bestalde, Luca Guadagnino zinemagile italiarra presidente izan dan epaimahaiak erabagi dau Gizonezko Aktore Onenaren Zidarrezko Maskorra aktore bati baino gehiagori emotea, hain zuzen, Thomas Vinterberg zuzendariaren Druk / Another Round (Danimarka-Suedia-Herbehereak) filmeko aktoreei: Mads Mikkelsen, Thomas Bo Larsen, Magnus Millang eta Lars Ranthe.
Gainera, Epaimahaiaren Sari Berezia Julien Temple zuzendariak The Pogues taldeko liderrari buruz ondu dauen dokumental musikalarentzat izan da: Crock of Gold: A Few Rounds with Shane MacGowan (Erresuma Batua). Aktearen arabera, saria Julien Templerentzat eta Shane MacGowanentzat da, Johnny Deppek produzidutako filmak transmitiduten dauen punk energia eder, poetiko, sendoagaitik.
Azkenik, Argazki Onenaren Epaimahaiaren Saria Yuta Tsukinagak irabazi dau Takuma Sato zuzendariaren Nakuko wa ineega / Any Crybabies Around? (Japonia) film luzean egindako lanagaitik.
Beste sari batzuk
Isabel Lambertik zuzendutako La última primavera (Herbehereak-Espainia) filmak hartu dau Kutxabank-New Directors saria eta sail horretako aitamen berezia Dong Xingyiren Gē shēng yuán hé màn bàn pāi (Txina) filmarentzat izan da. Horizontes Saria Fernanda Valadezek irabazi dau Sin señas particulares (Mexiko-Espainia) lanari esker eta aitamen berezia Clarisa Navasek irabazi dau Las mil y una (Argentina-Alemania) filmari esker. Zabaltegi-Tabakalera saria Catarina Vasconcelosek irabazi dau A metamorfose dos pássaros (Portugal) filman egindako lanagaitik eta aitamen berezia Hong Sang-sooren The Woman Who Ran-entzat (Hego Korea) izan da.
Euskal Zinemearen Irizar Saria David Pérez Sañudoren Ane-k (Espainia) irabazi dau eta Amaia Merino eta Miguel Angel Llamasen Non dago Mikel-ek (Espainia) aitamen berezia izan dau. Donostia Uria Publikoaren saria Florian Zeller-en The Father (Erresuma Batua) pelikuleak eroan dau eta Europako film onenaren Publikoaren saria, Maite Alberdiren El agente topo (Chile-AEB-Alemania-Herbehereak-Espainia) filmak.
Era berean, Gazteriaren TCM Saria Ben Sharrocken Limbo (Erresuma Batua) lanarentzat izan da.
Dasatskisi / Beginning, Druk / Another Round eta Limbo Cannesko zinema-jaialdiko sail ofizialerako hautatuta egozan baina 73. edizinoa bertan behera geratu zan koronabirusaren pandemia dala eta.
Eskerrik asko zuen baldintza bako atxikimenduagaitik
Galako aurkezleek, Edurne Ormazabalek eta Juan Diego Bottok, ikusleen babesa eskertu dabe: Zinemaldiaren edizino bakotxa bakarra eta errepetiduezinana da; jairik, jentetzarik eta besaulkiz besaulki alkarri belarrira zeozertxu esateko aukerarik bako Zinemaldia izan da aurtengoa, eta esan behar dogu hunkitu egin gaituala publikoaren jarrera eredugarriak. Eskerrik asko zuen baldintzarik bako atxikimenduagaitik, azpimarratu dabe.
Ekitaldiaren ostean, El olvido que seremos / Forgotten We 'll Be film kolonbiarraren nazinoarteko estreinaldia izan da. Fernando Truebak zuzendu dau Javier Cámara protagonista dauen filma; Héctor Abad Faciolincek idatzitako izen bereko eleberriaren egokitzapena da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!