25. Zinemakumeak Gara Bilbon

Bizkaie! 2020-09-21 13:48   Zinemea

Erakustaldia urriaren 5etik 14ra egingo da.

Gaur goizean, BBK Aretoan, emakumeek zuzendutako Zinemakumeak Gara! erakustaldiaren aurkezpena egin da. Bertan, Ana Gutierrez, Zinemakumeak Gara! ekimenaren zuzendaria, Nekane Alonso, Bilboko Udaleko Bardintasuneko zinegotzia eta Patricia Campelo, Bizkaiko Foru Aldundiko Bardintasuneko zuzendaria, izan dira.

Prentsaurrekoan azaldu dabenez, 25. urteurrena dala eta, Zinemakumeak gara! programeak kulturearen eta feminismoaren lubakietan egindako ibilbide luzeari buruzko hausnarketa-esparrua ezagutarazotea da asmoa, pandemiaren ondorioek eta etorkizunak dakarzan galderek osotutako abagunean.

Antolatzaileek erakundeen eta beste erakunde batzuen lankidetzea eskertu dabe: Eusko Jaurlaritzearen, Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesari esker eta BBKren –hasiera-hasieratik erakustaldiaren erakunde laguntzaile fidelena izan baita– eta ZINEBIren ekarpen ezin baliotsuagoa ahaztu barik, film labur, film luze, berbaldi eta mahai-inguru piloa egin ahal izango da, emakumeek egindako zinemea ezagutzeko eta zabalkundea sustatzeko.


Programazinoa

- Urriaren 5ean (astelehena), Bilborocken erakutsiko dabe ekimenaren lehen edizinoan (1996) erakutsitako lehenengo lana: Beatriz de la Vegaren Los Goikoetxea lana, hain zuzen, euskal zinemearen historiako sormen aldi garrantzitsueneko nahi bako kronikea. Lan horren kredituetan Nati Ortíz de Zárate, Arri, Biaffra, Amaia Díez, Juanma Pagazaurtundua, Alex de la Iglesia, Santiago Segura eta Gorka Rotaetxe gazte-gazteak agiri dira. Lehenengo proiekzino horren ondoren etorriko dira Film laburrak femeninoan sorta bat; atal horren barruan, Norma Vila (zuzendaria), Amara Mosteiro (ECCBI) eta Esther Cabero (Kimuak) mahai-inguruan batuko dira.

- Urriaren 6an, martitzenean, Bilborock aretoan Kelly Reichardten River of Grass eskainiko dabe Jaione Cambordaren Arima filmagaz konparau daigun, saio bikotxean; euskal zuzendaria bertan izango da.

Urriaren 7an, eguaztenean, Bilborocken, programazinoko film nagusietako bat estreinauko dabe Bilbon: Wanda, Barbara Lodenena, zinema independente amerikarraren historian giltzarria; Isabelle Huppert, Dardenne anaien eta eta John Waters izen handiko personaientzako erreferentziazko lana.

- Urriaren 12an, astelehenean, Bilborock aretoan, jarduerei ekingo jake, Julie Dashen Daughters of the Dust filmari esker. Azken urteotan, Beyoncé lako persona ospetsuek parte hartu dabe film fetitxe horretan. Proiekzinoaren ostean, Marcelle Mardonek eta Azalak alkarteko kideek (arrazakeriaren kontrako burrukan afroondorengoak dituen familien alkartea) Kulturea, identidadea eta immigrazinoa osotzen daben ardatz hirukotxaren inguruko barriketan parte hartuko dabe.

- Urriaren 13an, martitzenean, Campos Eliseos antzokiko Cúpula Aretoan, Ana Carrasco Conde filosofoak, Edurne Portela idazleak eta Laura Casielles kazetari eta poeteak mahai-inguru batean hartuko dabe parte: "Kulturatik eraiki al daitezke beste etorkizun batzuk?". Ondoren, Paula Consen "La isla de las mentiras" filmaren estreinaldiaz gozauko dogu.

- Urriaren 14an, eguaztenean, eta Azkuna Zentroko auditorioan, aurtengo edizinoari amaierea emongo jako erakustaldiaren 25 urteko historiari buruzko dokumental bat eskainiz. Ondoren, Zinemakumeak gara! ekimenaren sortzaileetako batzuek berbaldi-topaketa batean parte hartuko dabe: Carmen Urruela, Maria Luz Isasi, eta Ana Gutierrez zuzendaria izango dira, hain zuzen be, Ana Hormaetxea gidoilaria moderatzaile dala. My Mexican Bretzel denporaldiko filmik harrigarrienetako bat izango da erakustaldia amaitzeko eta, horren inguruan, barriketea izango da, Nuria Giménez Lorang zuzendariagaz.

Aldi berean, Zinemakumeak Gara! ekimenak Basauri, Portugalete eta Zallara hurrreratuko dau programazinoaren zati bat, 2021ean zehar Bizkaiko beste herri batzuetara zabaltzeko asmoa dauen ekimen baten barruan eta ikus-entzunezko tailer bat eskainiko dau barriro be (bideo esperimentalari eta zinematografiari buruzkoa), Beatriz Sánchez artista eta performerrak ECCBIko (Bilboko Zinematografia Sortzeko Eskola) geletan, zapatuan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu