Euskal talentuaren protagonismo handia Donostiako 68. Zinemaldian

Bizkaie! 2020-09-21 09:41   Zinemea

Culinay Zinemearen barruan, Arzak since 1987 gaur, hilak 21, estreinauko dabe, 19:30ean.

 



Donostiako Zinemaldia
k euskal presentzia nabarmena dakar bere atal gehienetan eta horrek erakusten dau euskal sektoreak momentu bikaina bizi dauela, nahiz eta osasun egoerak zailtasun handiak ekarri. Donostian, datorren irailaren 26ra arte, euskal zinemagile askok erakutsiko ditue euren lanak.

Akelarre filma, Pablo Agüeroren zuzendaritzapean egina eta Koldo Zuazuak (Kowalski Films), Iker Ganuzak (Lamia Producciones), Gariza Produkzioak eta La Fidéle Productionek produzidutakoa, Urrezko Kontxa eskuratzeko lehiatuko da. Drama historiko hau, 1609an Euskadin izandako sorginkerien ganeko epaiketa batean oinarritua, euskeraz eta gaztelaniaz filmatuta dago, eta Amaia Aberasturi eta Alex Brendemühl ditu protagonista. Gainera, 68. edizio honetan, Sail Ofizialak Patria telesailaren proiekzio berezia be izango dau, Aitor Gabilondoren azken lana, Fernando Arambururen nobelan oinarritua.

New Directors sailean, David Pérez Sañudoren opera prima aurkeztuko da, Ane, desagertutako ama baten eta haren alabearen arteko muga eta komunikazinoak nabarmentzen dituana, baita Imanol Rayoren bigarren lana be, Hil kanpaiak/Campanadas a muerto, Miren Gorrotxategiren 33 ezkil eleberrian oinarritua. Zabaltegi – Tabakalerak be euskal proiektu ugari hartuko ditu: Marina Palacioren estreinako lana, Kimuak programan hautatutako Ya no duermo (Gariza Films) eta Laida Lertxundiren obra esperimentala, Autoficcion’ ezagutuko ditugu.

WIP Europak, zinemaldiak aurkezten dauen jarduera barriak, Arantza Santesteban zuzendari nafarraren 918 gau filma ekarriko deusku. Txintxua Films eta Hiruki Filmak enpresek produzidu dabe eta Ikusmira Barriaken 2018ko edizinoan jorratutako proiektuak dakar.

Era berean, Carmen Chaplinen Charlie Chaplin, A Man Of The World (Kanaki Films) eta Rubén Cresporen Del Fuego Al Hielo (Mirokutana) euskal produkzinoak Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzino Foroan parte hartuko dabe.

Zinemira saila, barriz, beste hamaika film luzek eta Kimuak 2020 hautaketako zazpi laburrek osotuko dabe. Euskal gastronomiaren zati txiki bat Culinary Zinema sailean topauko dogu Asier Altunaren eta Bainet etxearen eskutik, izan be, Arzak since 1987 estreinauko dabe. Dokumental honetan, donostiar sukaldari ospetsuak eta haren alabeak, Elenak, bizitza osoaren balantzea egin eta sukaldaritza tradizionala autore-sukaldaritza bilakatu arte zelan aldatu dan aztertuko dabe.

Gero eta telesail gehiago aurkezten dira mundu osoko jaialdietan eta 68. Donostiako Zinemaldian hiru euskal lanek hartuko dabe parte: Lehen aitatutako Patria-z gan, Alardea- ren lehen bi kapituluak ikusgai izango dira. David Pérez Sañudoren estreinako miniseriea alardearen gatazkan inspirauta dago eta Itziar Ituño eta Carmen Climent ditu protagonista. El Estado contra Pablo Ibar (Irusoin) sailak, ostera, Ibarri egindako epaiketearen gorabeherak erakusten ditu.

Era berean, Donostiako Zinemaldiaren 68. edizioaren esparruan, Europa Creativa Desk MEDIA Euskadi bulegoak hainbat industria-jarduera antolatu ditu, besteak beste, honako mahai-inguruak: Europaz haraindiko audientzia sortzen (astelehenean, 17:00etan), 30 gomendio MEDIA bulegoen ikuspegitik (martitzenean, 12:00etan), eta Agustina Chiarino (Mutante cines), Olmo Figueredo (La claqueta PC) eta Francisco Ramos (Latinoamerikako Netflix-en eduki originalen lehendakariordea), produktoreen arteko barriketea izango da eguaztenean, hilak 23, 18:00etan. Produkzino independentearen eta, oro har, ikus-entzunezko industriaren sektorearen erronka eta aukerei buruzkoa izango da mahai-ingurua. European Film Forumaren edizino barria be egingo da Donostia Zinemaldian zehar, martitzenean, 15:00etatik aurrera, eta ikus-entzunezko industriari buruzkoa izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu