Jon Maya eta Harkaitz Cano: Zinemaldia edegi eta zarratzeko arduradun

Bizkaie! 2020-09-18 09:38   Zinemea

Irailaren 18an, barikuan, 21:00etan hasiko da Zinemaldia.

Kursaalen egitekoa dan 68. Donostia Zinemaldiaren inaugurazino-galeak. Jon Maya jantzari eta koreografoa ibiliko da zuzendari eta Harkaitz Cano idazlea arduratuko da gidoiaz.

Sortzaile gipuzkoar biak Donostia sariaren eta Euskal Zinemaren galez arduratuko dira, Viggo Mortensen aktorearen eta Sara Bilbatua casting-zuzendariaren ibilbideak autortuz. Amaierakoa be diseinauko dabe azken edizinoen bidetik, Zinemaldiak egile-galak sortzeko enkargua egin izan deutselako beste artista batzuei, Borja Cobeagari eta Diego San Joséri eta Borja Crespori, hain zuzen.

Inaugurazio-galeak ez dau izango aurkezlerik, aktore eta persona ezagunen talde bat (Cayetana Guillén Cuervo, Eneko Sagardoy, Miren Gaztañaga, Inma Cuevas) arduratuko baita parte-hartzaileen, sailen eta edukien aurkezpenez. Zuzeneko jantzak eta musikeak aparteko garrantzia izango dabe: Kukai Jantza konpainiako jantzariak jantzan, Mayak berak zuzenduta eta bost musikari be bai, Luis María Moreno Urretabizkaia Piratak zuzenduta.

Zinema-aretoetara bueltetako preminea nabarmenduko da, orain gitxi edegi baitira konfinamendu-hilebeteak igarota eta 68. edizinoaren kartelean agiri diran loreei aitamen bat baino gehiago egingo jako, June San Sebastián ilustratzaileak loreakaz egindako animazinoak tarteko.

Harkaitz Canok dinoanaren arabera, aurrez geunkazan ziurtasunak zapuztu eta oinpean amildegi bat edegi jakula dirudien pandemia-sasoiotan, distantzia berbeak orain hile batzuk pentsertan gatxa zan zentzua hartu dau. Horregaitik, Zinemaldia edegiteko galako ardatza horixe izatea gustauko litxakigu: distantzia. Banatzen gaituana, bai; baina baita salbu ipinten gaituana be, dino idazleak.

Televisión Españolako La 2en, ETB1en, eitb.eus-en eta Zinemaldiaren webgunean zuzenean emongo dan galan, Sail Ofizialeko epaimahaiaren kideak aurkeztuko ditue: Aurtengo presidentea Luca Guadagnino zinemagile italiarra izango da. Gainera, COVID-19ak baldintzatutako edizino honetan, Zinemaldiaren zuzendari José Luis Rebordinosek Thierry Frémaux Canneseko zuzendaria oholtzara gonbidatuko dau, berba batzuk egin daizan zinema-jaialdi frantziarraren eta koronabirusak bertan behera gerarazo dituan ganerako zinema-ekitaldien alde.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu