Johnny Depp, Matt Dillon, Viggo Mortensen eta Gina Gershon Donostian izango dira

Bizkaie! 2020-09-18 08:57   Zinemea

Gaur, irailak 18, hasi eta 26an amaituko da 68. Donostiako Zinemaldia.

Vittorio Storaro (Argazkilaritza zuzendaria) eta Woody Allen (© Quim Vives/The Mediapro Studio and Gravier Productions, Inc.) | Ikusi handiago | Argazki originala

68. Donostia Zinemaldiak gonbidatu-zerrenda luzea izango dau, danak be parte hartu daben filmak eta proiektuak aurkeztera etorriak. Gaur-gaurkoz, Donostian izango dirala baieztatu dabe Hollywoodeko izar batzuek, Europako eta Latinoamerikako zinemako izar ezagunek, eta zinema espainiarraren eta euskal zinemearen ordezkaritza handi batek. Izen ezagunenetako bat Johnny Depp da, Crock of Gold: A Few Rounds with Shane MacGowan (Sail Ofiziala, lehiaketan) dokumentalaren produkzino-lanetan ibili dana. Julien Templek zuzendutako dokumentalak The Pogues taldeko buru Shane MacGowan dau aztergai.

Aurten, gainera, beste film musikal bat dago Sail Ofizialean, El gran Fellove (proiekzino berezia, lehiaketaz kanpo), Matt Dillonek zuzendua. Dillon Donostiara bueltauko da Donostia saria jaso ebanetik 14 urte igaro diranean. Zuzendari-lanak be hartu dituan Viggo Mortensen aktoreak jasoko dau aurten, hilaren 24an, Zinemaldiak emoten dauen ohorezko saria eta Falling aurkeztuko dau, estreinako zuzendari-lana.

Woody Allenek, Rifkin’s Festival filmaren zuzendariak (Sail Ofizialaren inaugurazinoa, lehiaketaz kanpo), New Yorketik bitarteko telematikoen bidez hartuko dau parte. Emakumezko protagonistak prentsaurrekoan bertan egongo dira: Gina Gershon estadubatuarra eta Elena Anaya espainiarra.

Sail Ofizialean, lehian izango dira zinemagile europar honeek: Danielle Arbid (Passion simple), Laetitia Dosch eta Sergei Polunin aktoreakaz; Šarūnas Bartas (Sutemose / In The Dusk); eta Harry McQueen (Supernova). Dea Kulumbegashvili zinemagile georgiar hasibarria be (Dasatskisi / Beginning), Urrezko Maskorraren lehian sartuko da. Gainera, Luca Guadagnino epaimahai ofizialaren presidenteak We Are Who We Are telesaila aurkeztuko dau saio berezian, lehiaketaz kanpo. Epaimahaia, bestalde, osotuta geratu da bosgarren kideagaz, Joe Alwyn aktore britainiarragaz.

Beste sail batzuetan hartuko dute parte ondokoek: Suzanne Lindon zuzendari eta aktoreak eta Arnaud Valois aktoreak (16 printemps / Spring Blossom, New Directors); Philippe Garrel zinemagileak eta Louise Chevillotte aktoreak (Le sel des larmes / The Salt of Tears, Zabaltegi-Tabakalera); Adilkhan Yerzhanov zuzendariak (Zheltaya koshka / Yellow Cat, Zabaltegi-Tabakalera); Maïwenn zinemagile eta aktoreak (ADN / DNA, Perlak); eta Florian Zeller errealizadoreak (The Father (Aita), Perlak). Anna Sofie Hartmann Danimarkako zinemagilea Zabaltegi-Tabakalera saileko presidentea izango da.

Latinoamerikako zinemeak ondoko ordezkari izango ditu: Pablo Agüero zinemagilea (Akelarre, Sail Ofiziala), Eduardo Crespo (Nosotros nunca moriremos / We Will Never Die, Sail Ofiziala), João Paulo Miranda Maria (Casa de antiguidades / Memory House, New Directors), Santiago Loza (Edición ilimitada / Unlimited Edition, Horizontes Latinos), Clarisa Navas (Las mil y una / One in a Thousand, Horizontes Latinos), Maite Alberdi (El agente topo / The Mole Agent, Perlak) eta Michel Franco (Nuevo orden / New Order, Perlak). Jayro Bustamante zuzendaria ere Donostian izango da (Horizontes sariaren epaimahaiaren presidente), baita Mariana di Girolamo aktorea ere, iaz Ema aurkeztu ostean, aurten Leonardo Medel zuzendariagaz datorrena (La Verónica, Horizontes Latinos).


Rifkin’s Festival

Woody Allenek Donostian filmautako filmaren mundu mailako lehenengo estreinaldia izango da gaur Donostian (Goizeko 10:00etan, 15:30ean prentsaurrekoa eta gaueko 21:00etan, zinemaldia edegiteko galan. Sarrerak agortuta dagoz.

Zuzendariak (Sail Ofizialaren inaugurazinoan, lehiaketaz kanpo), New Yorketik bitarteko telematikoen bidez hartuko dau parte. Emakumezko protagonistak prentsaurrekoan bertan egongo dira: Gina Gershon estadubatuarra eta Elena Anaya espainiarra.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu