Zinemaldiak 9.463 sarrera saldu ditu lehen egunean

Bizkaie! 2020-09-15 09:20   Zinemea

Salgai egozan sarreren % 90 baino gehiago.

Donostia Zinemaldiak 68. edizioko lehenengo hiru egunetarako 9.463 sarrera saldu ditu salmentan jarri eta lehenengo egunean, salgai egozan sarreren % 90 baino gehiago. Zenbakia beste edizinoetako datuetatik urrun dago termino absolutuetan, baina ez erlatiboetan: igaz 66.000 sarrera saldu ziran bederatzi egunetarako % 100eko aforoagaz eta aurten, barriz, hiru egunetarako batez besteko % 40ko aforoaren araberako portzentaje baliokidea 8.800 jesarleku ingurukoa izango litzateke.

Zinemaldiko lantaldeak eskerrak emon gura deutsee ikusleei, urte gorabeheratsu honetan itzel erantzun dabelako, nabarmendu dau du Jose Luis Rebordinosek, Zinemaldiko zuzendariak.

Covid-19 pandemiaren aurrean, segurtasun neurri zorrotzak hartu ditu Zinemaldiak: aretoetako aforoa % 30 eta % 60 artean murriztu egin da, Belodromoa lako egoitzak bertan behera gelditu dira eta 2019. urtean baino 159 proiekzino eta 64 film gitxiago programau dira.

Sarrerak online baino ez ditue saldu, sansebastianfestival.janto.es webgunean. Mailakatutako salmentearen alde egin dau Zinemaldiak eta egun bakarrean jarri dira salgai lehen hiru egunetako sarrerak (barikua 18, zapatua 19 eta domekea 20). Astelehenean, 9:00etatik aurrera hasiko da hilaren 21, 22 eta 23ko sarreren salmentea, eta martitzenean, hilaren 24ko, 25eko eta 26ko ticketak. Hilaren 16tik aurrera, eskuragarri dagoan edozein saiotarako sarrerak erosi ahal izango dira eta hilaren 18tik aurrera, zinema-aretoetako leihatiletan.

Gehien saldu diran saioak honakoak izan dira: Rifkin's Festival (Woody Allen), Akelarre, Été 85 eta Druk / Another Round filmak Sail Ofizialean; Limbo eta Umibe No Kanojotachi / Along the Sea New Directors sailean; El prófugo / The Intruder Horizontes Latinos sailean; Wife of a Spy eta Nuevo Orden Perlak sailean; eta Nora Zinemiran.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu