'Harrapatu bandera' filma, Zinemalditik ikastetxeetara

Bizkaie! 2020-09-11 13:19   Zinemea

Eneko Axpe NASAko zientzialariaren aurkezpen eta guzti dator.

Donostiako Zinemaldiak, Donostia International Physics Center-ek eta Euskadiko Filmategiak Harrapatu bandera animazinozko film luzea aurkeztuko dabe aurten Gipuzkoako ikastetxeetan. Normalean, ikasleak joaten dira Donostiako Belodromora, filma pantaila handian ikusteko, baina Covid-19aren pandemiagaitik zarratu egin dabe. Hortaz, kontrako bidea aukeratu dabe: filma ikastetxeetara eroatea.

Ikasleek, beraz, euren zentrotik urten barik ikusi ahal izango dabe Harrapatu bandera. Ganera, filmaren nondik norakoak aurkezteko, goi mailako konbidadua izango dabe, Eneko Axpe zientzialaria. Barakaldokoa da bera, baina gaur egun NASAn dabil. Jakina, ikastetxe guztietara batera ezin da joan, hortaz, bideo bidez egingo ditu aurkezpenak Axpek.

Egitasmo honek zinemea eta zientzia buztartzen ditu, Zinemaldiaren gerizpean eta publiko gazteena helburu. Harrapatu bandera filma 6 eta 11 urte bitarteko neska-mutilentzat da, eta euskerara bikoxtuta emongo dabe ikastetxeetan.

Enrique Gatok zuzendu dau marrazki bizidunetako film luze hori. Mike izeneko 12 urteko mutikoa da protagonistea, astronauten semea eta ilobea. Helburu garbi bat dauka Mikek, Apollo 11 misinoko ontziak ilargian ipinitako banderea hartzea. Abentura ugari izango ditu bidean.

2019an, 27 ikastetxetako 13.000 ikasle inguru joan ziran Belodromoko saioetara. Aurten be antzera ibiliko dira, baina Belodromora joan beharrean, bakotxa bere ikastetxean geratuta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu