Fernando Truebak zarratuko dau 68. Zinemaldia
2020-09-07 13:27 ZinemeaEl olvido que seremos lehiaketaz kanpo erakutsiko dabe.
Fernando Trueba zuzendari espainiarraren film barriaren nazinoarteko estreinaldia hartuko dau Donostiako 68. Zinemaldiak. Lehiaketaz kanpo hartuko dau parte, eta aurtengo Sail Ofiziala zarratzeko ardurea izango dau.
Trueba espainiarra dan arren, produkzino kolonbiarra da El olvido que seremos. Héctor Abad Faciolinceren nobela baten oinarritutako istorioa da, giza eskubideen aldeko ekintzaile sutsua dan mediku baten ingurukoa. 1970eko Medellín urian bizi da, indarkeria handiko lekuan eta momentuan.
Liburuak 300.000 ale saldu ditu nazinoartean, hamabi hizkuntza baino gehiagotara itzulita. David Truebak egokitu dau istorioa gidoi zinematografikora. Filmean, protagonistearen papelean Javier Cámara aktorea ikusiko dogu. Nicolás Reyes Cano, Patricia Tamayo eta Juan Pablo Urrego dira beste aktore batzuk.
Hasiera baten, Cannesko Zinemaldi ospetsuko Sail Ofizialerako aukeratu eben El olvido que seremos, eta han estreinau behar eben. Covid-19agaitik, jaialdia bertan behera geratu zan, eta, hortaz, Donostian izango dau jentaurrean agertzeko beste aukera bat.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!