Bizkaia Aurrera Bonuak, kulturearen konsumoa bultzatzeko

Bizkaie! 2020-09-07 07:57   Kulturea

Irailean 26.800 ale plazaratuko ditu Foru Aldundiak.

Bizkaiko Foru Aldundiak, Cecobi eta Kutxabanken babesagaz, Bizkaia Aurrera Kultura Bonuak plazaratu ditu, pandemiak gogor jo dauen sektore kulturalari bultzadea emoteko. 15 eta 25 euroko bonuak egongo dira aukeran, kultur produktuen konsumoa areagotzeko.

Kanpainea aurkezteko Foru Aldundiak Bilboko Euskalduna Jauregian antolatu dauen ekitaldian, emonaldia eskaini dabe Elai Alai konpainiak, Izaro abeslariak, Maribel Salas eta Mitxel Santamaria aktoreek, Idoia Ibarrondo eta Juan Infante idazleek eta Marion Desjaques BOSeko harpisteak. Ganera, bonuen bultzatzaileen izenean, Lorea Bilbao Kultura diputadua, Pedro Campo Cecobiko presidentea eta Xabier Solaetxe Kutxabankeko ordezkaria egon dira.

Bonuaren bitartez lortzen doguna da herritarrei kultura arloko produktuak eta ikuskizunak ordaintzerakoan deskontuak eskaintzea, azaldu dau Lorea Bilbaok. Kulturea ekosistema oso bat da. Kulturea bada enplegua be, enplegu berezia ganera: intermitentea, profesional oso kualifikaduz osotua, enpresa txikiz eta autonomoz osotua. Kulturea konsumidutea ezinbestekotzat jo dau.

Kutxabanken bidez jarriko dira salgai Bizkaia Aurrera Kultura Bonuak, hilaren 14an. Behin erosita, produktu eta ikuskizun kultural ugari izango ditue herritarrek aukeran. Maiatzaren 31ra arte erabili ahal izango dira bonuak. Modalidade bi dagoz: 25 eurokoa (17.000 ale aterako ditue), eta 15 eurokoa (9.800 ale). Azken hau euskerazko produktuetan erabilteko da.

Bonu bakotxak 40 euro gastetako aukerea emongo deutso erosleari, produktu kulturalak erosteko, edo zuzeneko ekitaldietara joateko, museoak ikusteko zein kanpaineagaz bat egin daben bestelako eskaintza kultural batzuetan parte hartzeko. Foru Aldundiak 500.000 euro erabiliko ditu kanpainea finantzietako.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta eragile kulturalek herritarrei dei egin deutse bonuak erosi eta kulturea konsumidu deien. Hori bai, modalidade bakotxeko lau bonu erosi leitekez persona batek gehienez.

Bonuak erosteko argibide gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu