Veneziako 77. Zinemaldia hasiko da gaur

Bizkaie! 2020-09-02 11:14   Zinemea

Hamazortzi film izango dira Urrezko Lehoia irabazteko lehian.

Palazzo del Casinò, Veneziako Zinemaldiaren egoitza nagusietako bat (argazkia: Biennale Venezia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Uda ostean nazinoarteko zinemaldi handiak barriro hasiko dira loratzen, Covid-19aren pandemiak hainbat jaialdi bertan behera ixtera behartu eta gero. Cannesekoa ez zan egin, udabarrian, baina irailak goi mailako hitzordu bi dakarz: Veneziakoa eta Donostiakoa. Horreek egin egingo dira, pandemiak guztiz baldintzatuko dituan arren.

Veneziako 77. Biennale edo Zinemaldia ez da aurreko urteetakoen modukoa izango. Covid-19ari aurre egiteko, segurtasun neurri zorrotzak egongo dira ekitaldi guztietan, edukierea murriztuko dabe aretoetan, eta nazinoarteko izarrak ez dira han egongo. Alfonbra gorri bako edizinoa izango da.

Ganerakoan, baina, kalidade bikaineko jaialdia izango dalakoan dagoz antolatzaile eta adituak. Mundu zabaleko zinemagileek aurkeztutako hamazortzi film luze izango dira Sail Ofizialean, Urrezko Lehoia irabazteko lehian. Horreetatik zortzi, emakumeek zuzendutako pelikulak izango dira. Bitxikerien artean, Amerikako Estadu Batuetako zuzendaririk ez dago aurtengo Sail Ofizialean.

Danielle Luchetti italiarraren Lacci filmak zabalduko dau Veneziako jaialdia, gaur, baina lan hori lehiaketaz kanpo aurkeztuko dabe. Urrezko Lehoia irabazteko hautagaien artean dagoz, beste askoren artean, Andrei Kontxalovski zuzendari errusiar beteranoa (Dorogie Tovarischi), Chloe Zhao (Nomadland), Emma Dante (La Sorelle Macaruso) eta Amos Gitai (Laila in Haifa).

Ohiko moduan, film, zuzendari, aktore eta bestelakoen artean Urrezko eta Zidarrezko Lehoiak banatuko ditu epaimahaiak. Ganera, Ohorezko Urrezko Lehoi bana emongo deutse Tilda Swinton aktore ingelesari eta Ann Hui zuzendari txinatarrari.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu