Hamahiru euskal film Irizar Sarirako lehian
2020-08-27 12:19 ZinemeaZinemaldiko sail ugaritan ikusi ahal izango dira euskal pelikulak.
Donostiako 68. Zinemaldiko egitarau potoloan, munduko txoko guztietatik etorritako filmakaz batera, Euskal Herriko 21 produkzino dagoz: hamalau film luze, hiru film labur, telesail bi, film ertain bat eta produkzino-fasean dagoan proiektu bat. Horreetatik hamahiru, Euskal Zinemearen Irizar Saria irabazteko lehian izango dira. Estreinaldiak diran film luzeentzako saria da Irizar, eta 20.000 euro emongo deutsez film irabazleko produktoreari.
Bestetik, Euskal Zinemearen Galea irailaren 22an egingo da, Victoria Eugenia Antzokian. Migueltxo Molina, Jon Maya eta Pablo Iraburuk zuzendutako Bizimina film laburra estreinauko dabe hor. Zinemira Saria eta euskal zinemagintzako persona garrantzitsu bati Ibaia eta EPE/APVren autortzea emotea be gaualdi horretako egitarauan dagoz.
Urtero legez, Zinemira izango da beren-beregi euskal produkzinoei eskainitako atala, Zinemaldiko beste sail batzuetan be euskal pelikulak egongo diran arren, tartean Sail Ofizialean. Fikzinozko eta ez-fikzinozko hamaika lan dakarz aurten Zinemirak, horreetatik bederatzi aitatutako Irizar Sarietako hautagaiak.
Lara Izagirre zornotzarraren Nora bigarren film luzea izango da Zinemirako estreinaldi esanguratsuenetako bat. Nora gazte argentinarrak Euskal Herrian egingo dauen bidaia da filmaren oinarria. Ane Pikaza, Héctor Alterio, Naiara Carmona eta Loli Astoreka dira aktore nagusiak.
Non dago Mikel? dokumentala be aitagarria da, Miguel Ángel Llamasek eta Irizar Saria irabaztea zer dan badakien Amaia Merinok zuzendua. Mikel Zabalzaren desagerpenaren inguruko lana da. Josu Martinez eta Txaber Larreategi be alkarlanean ibili dira, eta Caminho Longe dakarre Zinemaldira, Alfonso Etxegarai errefuxiatuaren ingurukoa.
Zinemirako beste filmak honeek dira: Lobster Soup (Pepe Andreu, Rafael Molés); Atarrabi et Mikelats (Eugène Green); El Drogas (Natxo Leuza); El Estado contra Pablo Ibar (Olmo Figueredo); Hijos de Dios (Ekain Irigoien); Jo Ta Ke (Aitziber Olaskoaga); Talento (David González); eta Urtzen (Telmo Esnal).
Zinemira sailetik kanpo Zinemaldian egongo diran beste produkzino batzuk be aitagarriak dira, esate baterako Alardea lau ataleko telesaila, Sail Ofizialeko Akelarre eta WIP Europa ataleko 918 gau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!