'Arzak Since 1897', Culinary Cinema zabaltzeko

Bizkaie! 2020-08-25 11:49   Zinemea

Asier Altunaren filmaren munduko estreinaldia izango da.

Asier Altunaren 'Arzak Since 1897'. | Ikusi handiago | Argazki originala

Sukaldaritzea eta zinemea lotzen dituan Culinary Cinema sailak lau film luze aurkeztuko ditu Donostiako Zinemaldiaren 68. edizinoan. Juan Mari eta Elena Arzak sukaldari gipuzkoarren jatetxearen inguruan Asier Altunak egin dauen dokumentala izango da horreetako bat, sailaren inaugurazino-afarian ikusi ahal izango dana munduan lehenengoz, irailaren 21ean.

Altunak sarri hartu dau parte Zinemaldian: 2015ean Sail Ofizialean lehiatu zan eta Irizar saria irabazi eban Amama filmagaz; Bertsolari lehiaketaz kanpo aurkeztu eban 2011n; eta Aupa Etxebeste! (2005) eta haren jarraipen Agur Etxebeste! (2019) be Donostian erakutsi zituan.

Oraingo honetan, gastronomiaren lurraldean sartu da zuzendari bergararra, euskal sukaldaritzearen ordezkari gorenen artean dagozan Arzak aita-alaben jatetxea agertzeko. Bertako uniberso bereziaren bidez, sukaldaritza tradizionala egile-sukaldaritza zelan bihurtzen dan erakusten ahalegindu da Arzak Since 1897 filmean. Juan Mari eta Elena Arzak ez eze, Ferrán Adrià, Pedro Subijana, Karlos Argiñano, Andoni LUis Aduriz eta beste sukaldari ezagun batzuek hartu dabe parte dokumentalean.

2020ko Culinary Cinema atalean proiektauko diran beste hiru film luzeak honeek dira: Ángel Parraren Camí lliure; Óscar Bernàcerren La receta del equilibrio; eta Michael Dweck eta Gregory Kershawren The Truffle Hunters. Lehenengo biak munduko estreinaldiak izango dira. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu