'We Are Who We Are' telesaila Zinemaldian ikusiko da lehenengoz

Bizkaie! 2020-08-24 12:59   Zinemea

Luca Guadagninoren lan barriak zortzi atal ditu.

Telesaileko irudi bat | Ikusi handiago | Argazki originala

Ohikoa izaten da Donostiako Zinemaldiak nazinoarteko filmen estreinaldiak hartzea, baina gero eta gehiago telesailak be lekua hartzen hasi dira. Azken urteotako jokerea da telesail batzuek Zinemaldian parte hartzea, baina 68. edizino honetarako iragarri barri daben nobedadea apurtzailea da: HBO etxearen produkzino handienetako bat Donostian erakutsiko dabe lehenengoz, oso-osorik eta telebista edo plataforma digitaletara heldu aurretik.

Luca Guadagninok zuzendutako We Are Who We Are denporaldi honetako produkzino handi eta garestienetako bat da, zaleek aspalditik itxaron izan dabena. Egia da lehenengo atal bien aurrerapena egun batzuk lehenago ipiniko dauela HBOk sarean, baina sail osoa Donostian proiektauko dabe lehenengo. Zortzi atal dira, 7 ordu eta 50 minutu.

Edozein kasutan, Luca Guadagnino siziliarrak lotura handia dau zinemagintza tradizionalagaz. Gidoilari, zuzendari eta produktore dabil zineman aspalditik. Bere lanik aitagarrienen artean dagoz Io sono amore (2009); Bigger Splash (2015); eta Suspiria (2018), 2017an aurkeztutako Call Me By Your Name ahaztu barik: Donostiako Zinemaldiko Perlak sailean parte hartu eban azken horregaz, eta Oscar sarietarako hiru izendapen izan zituan.

Azkenaldion boladan dagozan telesail handietara salto egin dau, beraz, Guadagninok We Are Who We Are honegaz. Adiskidetasuna, lehen maitasuna eta nortasuna aztertzen ditu telesail honek Italiako base militar estadubatuar batean bizi diran nerabe biren bitartez. Paolo Giordanok, Francesca Manierik eta Guadagninok berak idatzi dabe gidoia.

Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinos pozik agertu da telesailaren estreinaldia Donostian izango dalako. Plataformetarako telesail bat egin dauen lehen aldi honetan, Guadagninok uniberso berezi bat sortzea lortu dau; han pertsonaia gogoangarriak alkarregaz bizi dira, euren nortasuna eta lekua topau nahian, lekuz kanpo sentiduten diran mundu batean, adierazo dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu