Bederatzi film egongo dira Horizontes Latinos atalean
2020-08-21 13:18 ZinemeaArgentina, Brasil, Txile, Kolonbia eta Mexikokoak dira.
Donostiako Zinemaldiak Latinoamerikako zinemagintzeari zabaltzen deutsan leihoa da Horizontes Latinos saila. Aurtengo edizinorako aukeratu dituen bederatzi filmak Argentina, Brasil, Txile, Kolonbia eta Mexikotik datoz, eta horreetako bi munduko estreinaldiak izango dira. Horizontes saria irabazteko lehiatuko dira.
Leonardo Medel txiletarraren La Verónica izango da estreinaldietako bat. Sare sozialetan ezaguna dan modelo baten bizitzea kontetan dau filmak; bere lehen alabearen hilketearen susmagarri nagusitzat hartuko dabe protagonistea. Beste estreinaldia Edición limitada da, lau zuzendarik alkarlanean zuzendua: Virginia Cosin, Edgardo Cozarinsky, Santiago Loza eta Romina Paula dira lau egileak.
Mamá, mamá, mamá Sol Berruezo Pichon-Rivière argentinarraren lehenengo filma da, eta Nazinoarteko Epaimahaiaren Aitamen Berezia emon eutsen Berlinen. Ahiztearen heriotzeari aurre egin beharko deutsan neskato baten istorioa da, heldurik bako mundu batean. Todos os mortosfilma be Berlinen izan zan, Sail Ofizialean. Caetano Gotardo eta Marco Dutra brasildarren film honek XIX. mendearen amaierako Brasilera eroango gaitu, esklabutzea desagertu zan sasoira.
Natalia Meta argentinarrak El prófugo aurkeztuko dau Donostian. Bikoizketa-lanetan dabilen abeslari liriko bati buruzko istorioa da. Carolina Moscoso txiletarraren Visión nocturna, aldiz,bortxaketa bat zer dan eta noiz amaitzen dan galdetzen dauen ez-fikzinozko lana da.
Clarisa Navas argentinarraren bigarren film luzea da Las mil y una, Zinemaldiko Koprodukzino Forotik pasautako proiektua. Lehen maitasun-istorioaren gorabeherei aurre egin behar deutsan neska gazte baten istorioa da.
Yulene Olaizola mexikarra Selva trágica izeneko obreagaz bueltauko da Horizontes Latinos sailera. Mexiko eta Belize artean, maien lurraldean kokatu dau filma. Azkenik, Sin señas particulares aurkeztuko dauen Fernanda Valadez be mexikarra da. Proiektuak Zinema Eraikitzen Industria Saria irabazi eban 2019ko Zinemaldian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!