Hamar film luze eta bederatzi labur Zabaltegin

Bizkaie! 2020-08-20 12:53   Zinemea

Philippe Garrel, Hong Sang-soo eta Peter Strickland egongo dira lehian, besteak beste.

Catarina Vasconcelosen 'A metamorfose dos pássaros' | Ikusi handiago | Argazki originala

Donostiako Zinemaldiko sailik edegiena Zabaltegi-Tabakalera dala dinoe. Aurten, behinik behin, mundu guztitik etorritako askotariko proposamenak aukeratu ditue antolatzaileek atal horretarako. Danetara hemeretzi film dira, hamar luze eta bederatzi labur, eta horreetako batzuk Berlinen sariak irabaztetik datoz, eta beste batzuk Cannes edo Veneziarako aukeratu ditue.

Berlinen ikusi ahal izan zan, hain zuzen be, Hong Sang-soo hegokorearraren Domangchin yeoja. Hirugarren aldia izango da zinemagile honentzat Donostian. Philippe Garrel frantziarrak, ostera, La sel des larmes aurkeztuko dau, hori be Berlinaletik pasautakoa. Garrelen filmografiaren atzera-begirakoa antolatu eban Zinemaldiak 2007an.

Zabaltegiko beste film luzeak honeek izango dira: Tsai Ming-Liang malaisiarraren Rizi; Camilo Restrepo kolonbiarraren Los conductos; Catarina Vasconcelos portugaldarraren A metamorfose dos pássaros; Sandra Wollner austriarraren The Trouble with Being Born; Song Fang txinatarraren Ping Jing; Nicolás Pereda mexikarraren Fauna; Adilkhan Yerzhanov kazakhstandarraren Zheltaya koshka; eta Juan Cavestany espainiarraren Un efecto óptico. Azken hau erabateko estreinaldia izango da.

Film laburren atalean be jatorri eta estilo ugaritako lanak dagoz. Euskal zinemagileen pelikula bi aukeratu ditue Zabaltegi-Tabakalera sail honetarako. Batetik, Marina Palacio donostiarraren lehenengo filma, Ya no duermo, Kimuak programarako aukeratu ebena. Bestetik, Laida Lertxundiren lan esperimental bat, Autoficción.

Ganerako film laburrak honeek dira: Peter Strickland ingelesaren Cold Meridian; Leonardo van Dijl belgikarraren Stephanie; Sameh Alaa egiptoarraren I am Afraid to Forget Your Face; Naïla Guiguet frantziarraren Dustin; Pedro Peralta portugaldarraren Noche perpetua; Bell Zhong txinatarraren Huan le shi guang; eta Dominga Sotomayor eta Carla Simonen Correspondencia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu