Cesc Gayren eta Nacho Álvarezen film barriak estreinauko ditue Zinemaldian

Bizkaie! 2020-08-19 10:48   Zinemea

Inés del alma mía telesaila be Donostian ikusiko da lehenengoz.

Nacho Álvarezen 'Explota explota' filmeko irudi bat | Ikusi handiago | Argazki originala

RTVE Espainiako telebista publikoa Donostiako Zinemaldiaren babesle nagusietako bat dan ezkero, etxe horrek bultzatutako proiektuek leku zabala izango dabe 68. edizinoan. Cesc Gay kataluniarraren Sentimental eta Nacho Álvarez uruguaitarraren Explota explota film luzeen munduko estreinaldia Donostian egingo dabe, Zinemaldiko arduradunek aurreratu dabenez.

Gayk berak zuzendutako Los vecinos de arriba antzezlanaren egokitzapena da Sentimental, emozinoz eta sentimenduz betetako istorioa. Bizilagunak diran bikote bi dira kontakizuneko protagonistak. Aktore nagusien artean dagoz Javier Cámara, Belén Cuesta, Griselda Siciliani eta Alberto San Juan. Cesc Gay zuzendaria Zinemaldiko Zuzendari Barriak atalean (1998) eta Sail Ofizialean (2003 eta 2015) parte hartuta dago.

Bestetik, Nacho Álvarezen lehenengo film luzea da Explota explota, Raffaella Carrà abeslari italiarraren kantu ospetsuenetako baten oinarritutako soinu-bandea dauen lana. 1970eko Espainia ilunean bere amesak bete nahi dituan jantzari eta abeslari gazte baten gorabeherak kontetan ditu, Ingrid García-Jonsson aktore nagusia dala.

Ganera, Inés del alma mía telesaila estreinauko dabe 68. Zinemaldian, RTVEren bultzadaz hau be. Alejandro Bazzano kubatarrak eta Nicolás Acuña txiletarrak zuzendutako drama historikoa XVI. mendean kokatuta dago. Inés Suárez gazte extremadurarrak Atlantikoa zeharkatuko dau senarraren bila joateko, eta bitartean Pedro de Valdivia konkistatzaileagaz maitasun-harreman sutsua izango dau. Isabel Allende idazlearen nobela baten oinarrituta dago telesaila.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu