Bederatzi herrialdetako proiektuak Europa-Latinoamerika IX. Koprodukzino Foroan
2020-08-14 08:37 ZinemeaAurtengo edizinoa online egingo dabe.
Irailaren 19tik 21era egingo dabe, 68. Donostiako Zinemaldiaren barruan, Europa-Latinoamerika IX. Koprodukzino Foroa. Aurtengo edizinoan parte hartzeko eskaria 235 proiektuk egin eben, eta antolatzaileek bederatzi herrialdetako hamazortzi aukeratu ditue. Saio guztiak online izango dira, zinemearen industriako profesionalei zuzenduak.
Foroan parte hartzeko aukeratutako proiektuak originalak eta ausartak dirala nabarmendu dau Zinemaldiak, gaur egungo gizartearen erakusgarri. Immigrazinoa, sexu-nortasuna, desbardintasunak... jorratzen dira. Dokumentalak dira batzuk, fikzinoa beste batzuk, tartean fantasiazko istorioak dagoz.
Euren lehenengo filma aurkeztuko daben zuzendariak dagoz aukeratuen artean. Esate baterako, Theo Montoyak (Anhell69), Camila Beltránek (El día de mi bestia), Juan Sebastián Quebradak (El otro hijo) eta Eduardo Esquivelek (La eterna adolescente) euren opera-prima-k dakarrez. Bigarren lanei jagokenez, Diego Schipaniren Tres eta Antonella Sudasassiren Memorias de un cuerpo que arde be Foroan izango dira.
Zinemaldira bueltauko dira, debuta Donostian egin eta gero, hainbat zinemagile: Lucia Garibaldi (La última reina), Alexandra Latishev (Delirio), Mateo Bendesky (La fiebre) eta Nele Wohlatz (Noche americana).
Azkenik, zuzendari beteranoagoak be badagoz, Donostian zein beste jaialdi batzuetan sariak irabazitakoak: Celina Murga (El olor del pasto recién cortado), Benjamín Naishtat (Pobres Pibes), Martín Rejtman (El repartidor está en camino), György Pálfi (Hen), Marcelo Martinessi (¿Quién mató a Narciso?), Paula Markovitch (Ángeles), Daniel Vidal Toche (La anatomía de los caballos) eta Jorge Thielen Armand (La proximidad).
2019an mila profesional inguruk hartu eben parte Koprodukzino Foroan. 2012an sortu zanetik, Foroak 130 proiektu hautatu ditu; horreetatik 68 estreinauta dagoz dagoeneko, sei aurreprodukzino edo postprodukzinoan dagoz eta 39 nazinoarteko zinemaldietan aukeratu ditue, berbarako Cannesen, Berlinen, Venezian, Sundancen, Locarnon eta Donostian bertan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!