Arantza Santestebanen '918 gau', WIP Europa sailean

Bizkaie! 2020-08-12 09:19   Zinemea

Turkia, Espainia, Eslovenia eta Georgiako beste lau produkzino be egongo dira atal barri horretan.

Arantza Santestebanen '918 gau' filmeko irudi bat | Ikusi handiago | Argazki originala

Glocal in Progress sailaren ondorengotzat jo dau Donostiako Zinemaldiak 68. edizino honetan estreinauko dauen Work In Progress (WIP) sail barria. Produkzino europarra daben pelikula guztiek hartu leikie parte, baina, aurrekariari segidea emonaz, hizkuntza txikietan edo ez-hegemonikoetan egindakoak hobeto balorauko ditue.

Irailaren 22an, 23an eta 24an egingo dabe WIP, jarduera presentziala eta telematikoa buztartuta. Donostiara joan leitekezan profesionalak aretoetan egongo dira, betiko legez, baina online akreditazinoa dabenek euren herrialdetik ikusi ahal izango dabe guztia. Sailaren lehenengo edizinorako bost film aukeratu ditue, tartean euskerazko produkzino bat, Arantza Santesteban nafarraren 918 gau esperimentala.

2018an Ikusmira Berriak egonaldi-programan izen beragaz aurkeztu eban proiektua da 918 gau-ren abiapuntua. Kartzelako eguneroko bizitzea ulertzeko funtsezkoak diran arazoak jorratzen ditu Santestebanek, berbarako denporea pasetako modua, kanpoko mundutik isolatuta egotea, giltzaperatuta egotearen ondorio fisiko eta psikologikoak, eta menderakuntzearen gune opakoak. Txintxua Films da produkzino-etxea.

Beste lau filmak honeek dira: Inventura (Darko Sinko, Eslovenia), Mbah Jhiwo (Álvaro Gurrea, Espainia), Veli (Lasha Tskvitinidze, Georgia) eta Iki Şafak Arasinda (Selman Nacar, Turkia). WIP Europa eta WIP Europa Industria sariak irabazteko hautagai dira bost produkzinoak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu