Beste bost film 68. Zinemaldiko Sail Ofizialean

Bizkaie! 2020-08-07 09:11   Zinemea

Horreetatik lauk lehiaketan hartuko dabe parte.

'Supernova' (Harry MacQueen) | Ikusi handiago | Argazki originala

Egitaraua gero eta hobeto zehazten dabil Donostiako Zinemaldia, 68. edizinorako hile eta erdi baino ez dalako geratzen. Covid-19aren mehatxua ez da desagertu, baina antolatzaileek ez dabe atzera egin, eta Sail Ofiziala ondo horniduten dabiz. Atal horretan parte hartuko daben beste bost film iragarri ditue, bat lehiaketaz kanpo eta beste laurak Urrezko Maskorrerako hautagai.

Matt Dillon amerikarraren El gran Fellove izango da Sail Ofizialean lehiaketaz kanpo erakutsiko daben hori. 2013an hildako Francisco Fellove musikari eta abeslari kubatarraren inguruko dokumentala da, Dillonek zuzendu dauen bigarren film luzea hain zuzen. Zuzendari hasi aurretik, baina, aktore izan zan luzaro, eta 2006an Donostia Saria emon eutsen horregaitik Dilloni.

Beste lau filmak leghiaketan egongo dira. Julien Templek zuzendutako Crock of Golden lanak The Pogues banda ospetsua dau berbagai, bertako abeslari Shane McGowan protagonista dala. Artxiboko irudiak eta animazinoa tartekatu ditu Temple beteranoak ez-fikzinozko zinta honetan.

Passion Simple, bestetik, izen bereko nobela laburrean oinarrituta dago. Fikzinoaren bidez, errealidadeari lotutako gauzak kontetan ditu Annie Ernaux idazleak liburuan, eta horri heldu deutso pelikulan Danielle Arbid zuzendariak.

Luzaroan bikote izan diran gizon-emakume biren bidaia da Harry MacQueen britainiarraren Supernova filmaren oinarria. Azkenik, Eduardo Crespo argentinarraren Nosotros nunca moriremos be Sail Ofizialean izango da. Ume baten heriotzeak ia ezustean aldatuko ditu haren amaren eta anaiearen ikuspegia eta jarrerea.

Itxura ederra hartzen doa, beraz, Zinemaldiko Sail Ofiziala. Matt Dillonek legez, Woody Allenek be lehiaketaz kanpo aurkeztuko dau bere azken sorkuntzea, Donostian errodautako Rifkin's Festival. Urrezko Maskorraren lehian, bestetik, ez dira faltauko euskal produkzinoak, adibidez Pablo Agüeroren Akelarre, joan dan astean jakin zanez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu