Teknologia barriak eta zinemea lotzen dituen proiektuak lehian
2020-08-06 11:16 ZinemeaBost egitasmo aurkeztuko dira Zinemaldia Startup Challenge sailean.
Ikus-entzunezkoen arloan teknologia barriak eta idea barritzaileak sartzeko asmoz, start-up proiektuen saila eta lehiaketea antolatu ditu Donostiako 68. Zinemaldiak, bigarren aldiz. Deialdira 40 egitasmo aurkeztu ziran, danak Europakoak (hori da sailaren esparru geografikoa), eta bost aukeratu ditue, irailean Zinemaldian aurkeztu eta onena saritzeko.
Bost finalistok urtebetez EAEko Parke Teknologikoen Sareko inkubazino-gune baten parte hartzeko aukerea izango dabe, eta 500.000 eurorainoko finantzaketea be eskura izango dabe. Ganera, proiektu irabazleak 10.000 euro jasoko ditu. Epaimahai batek ebatziko dau aurtengo irabazlea zein dan.
Covid-19ak eragindako osasun larrialdiagaitik, Zinemaldiak erabagi dau Startup Challenge dalako hau online egitea aurten, hortaz, aurkezpen, topaketa eta antzekoak bide telematikoetatik egingo ditue. Irailaren 25a izango da egitarauaren ardatza, egun horretan aurkeztuko dituelako bost proiektu finalistak.
Jardunaldiak, European Film Forum ekimenaren bidez, Creative Europe MEDIA programearen babesa dau; Europako industria zinematografikoa eta ikus-entzunezkoa indartzea da programa horren helburua. Zinemaldia & Technology Donostia Zinemaldiaren apustu bat da, ikus-entzunezko teknologiari eta industriari buruz hausnartzeko gune erreferentetzat finkatzeko asmoz.
Kontuak kontu, honeek dira Zinemaldia Startup Challenge saileko 2020ko finalistak: AI-Driven Video Editing Platform britainiar aplikazinoa, adimen artifizialaren bidez bideoak sortzeko eta editetako prozesuak automatizetan dituana; Cinesmart kataluniar plataformea, big data baliatuz eta advergamingean oinarrituta, zinema-erakustegiei zuzendua. Compliance Management Solution for the Film and TV Industry norvegiar plataformea, adimen artifizialean eta machine learningean oinarrituta; FilmChain, Erresuma Batuko enpresa batek garatutako aplikazinoa, blockchain teknologiaren bitartez ikus-entzunezkoen alorreko eragile guztien arteko finantzaketea errazteko; eta La Quinta Pared, Alemanian garatutako aplikazinoa, erabiltzailearen eskuko telefonoa film bateko protagonistearen telefono bihurtzen dauena.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!