Hamaika film lehiatuko dira Zinemaldiko New Directors atalean

Bizkaie! 2020-08-04 13:21   Zinemea

Horreetatik zazpi zuzendarien opera prima-k dira.

David Pérez Sañudo bilbotarraren 'Ane' filmeko irudi bat. | Ikusi handiago | Argazki originala

Donostiako Zinemaldiaren 68. edizinoko Kutxabank-New Directors sailean, hau da, zuzendari barriei eskainitakoan, mundu guztitik etorritako hamaika film lehiatuko dira. Horreetatik zazpi zuzendarien lehenengo film luzeak dira, opera prima diralakoak, beraz. Ganerako laurak zuzendarien bigarren lan luzeak dira.

Parte-hartzaileak Donostiara lehenengo edo bigarren film luzeak aurkeztera joango diran arren, horrek ez dau esan nahi zinemagintzan eskarmenturik ez dabenik. Opera prima-k zuzendu dituenen arteko lau lehenago be egonda dagoz Zinemaldian, proiektuak edo bestelako filmak aurkezten. Esate baterako, David Pérez Sañudo bilbotarrak Zinemira-Kimuak atalean hartu eban parte 2017an, Aprieta pero raramente ahoga lan laburragaz.

Ane izeneko film luzea aurkeztuko dau oraingoan Zinemaldian Pérez Sañudok, New Directors saria irabazteko asmoz. Istorio horretan kontetan danez, Ane alabea desagertzen danean, Lide ama konturatuko da ez dauela alabea ondo ezagutzen. Patricia López Arnáiz, Jone Laspiur, Mikel Losada, Luis Callejo, Nagore Aranburu, Fernando Albizu, Gorka Aguinagalde eta David Blanka dira aktoreak.

Sail honetako beste opera prima-k honeek izango dira: Isabel Lambertiren La última primavera; Joao Paulo Miranda Mariaren Casa de antiguidades; Grigori Kolomitseven Chupacabra; Kim Mi-joren Gal-mae-gi; Xingyi Dongen Gē shēng yuán hé màn bàn pāi; eta Suzanne Lindonen 16 printemps

Bigarren film luzea aurkeztuko daben zuzendariak honeek dira: Ben Sharrock (Limbo); Piotr Domalewski (Jak Najdalej Stąd); Akio Fujimoto (Boku no kaeru basho); eta Imanol Rayo (Hil-kanpaiak). Azken hau Iruñekoa da, eta Zinemira saria irabazi eban 2011n, Bi anai filmari esker. Oraingoan, Miren Gorrotxategiren 33 ezkil nobelan oinarritu da Hil-kanpaiak sortzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu