Hogei urte Felix Iñurrategi joan zala
2020-07-28 10:37 KirolaGasherbrum II zortzimilakoan hil zan Aretxabaletako mendizalea.
Alpinismoaren munduak, eta euskal mendizaletasuna ez da salbuespena, zoritxarreko tragedia ugari bizi izan ditu historian, kirol horrek berez dakarren arriskuagaitik. Kolpe horreen artean gogorrenetako bat izan zan 2000ko garagarrilaren 28an Himalaiatik heldu zan barria: Felix Iñurrategi mendizale gaztea hil egin zan, Gasherbrum II mendia igon eta gero beherunzko bidean joiala. Hogei urte bete dira gaur, eta askok gogoratu dabe urteurrena, Iñurrategi anaiak ordurako ezagunak ziralako, kirol ibilbideagaitik eta baloreakaitik.
1967ko apirilean jaio zan Felix Iñurrategi, eta urtebete geroago Alberto anaiea, Aretxabaletan. Eskaladan ibili eta gero, goi mendira joateko erabagia hartu eben 1980ko hamarkadearen amaieran. Alpeetan eta Ameriketan mendi ezagunak ezagutu, eta Himalaiara egindako lehenengo espedizinoan Pumori (7.161 m) igon eben, 1990ean. Laster heldu ziran zortzimilakoak: 1991n Makalu (8.463 m) eta 1992an, Everest (8.848 m), munduko tontorrik altuena, eta oxigeno artifizial barik.
Hurrengo urteetan zortzimilakoak bata bestearen atzetik kateatu zituen, K2 arriskutsua tartean, baina zoritxarra hamabigarrenean heldu zan, Gasherbrum II-n (8.035). Tontorra zapaldu eta gero, beherunzko bidean jausi egin zan Felix 400 metroko amildegian behera, eta hantxe hil. Oso ezagunak ziran Iñurrategi anaiak, mendizaletasuna ulertzeko euken moduagaitik, beti erronka barrien bila, bideari eta igoteko moduari be garrantzia emonda. Horregaitik, istripua kolpea izan zan euskal mendizaleentzat zein beste askorentzat.
Aitzindari be izan ziran Felix eta Alberto Iñurrategi espedizinoak antolatzeko orduan. Detaile guztiak ondo lotuta eroaten zituen etxetik, eta kirol arloko prestakuntzako metodo modernoak erabilten lehenengoetakoak izan ziran euskal mendizaleen artean. Zuhurtziaz aurreikusten zituen arrisku guztiak, eta horregaitik ezusteko handiagoa izan zan Felixen istripua.
Mendian ez eze, gizartearen beste alor batzuertan be arrastoa itxi eben 1990eko hamarkadan Iñurrategi anaiek: Telebistan agertu ziran, dokumentalak egin zituen, euskal kulturearen alde lan egin eben... Gaztetan bertsotan be ibilitakoa zan Felix.
Felix Iñurrategik itxitako ondare zabal horri jarraipena emoteaz arduratu da, hain zuzen, Alberto anaia eta sokalaguna. Ordura arte, mendiko ibilbide oso-osoa alkarregaz egin eben, eta 2000. urteko istripu haretatik, Albertok segidu dau Felixegaz hasitako bidean sakontzen. 2001ean igon zituan zortzimilako guztiak (bi geratzen jakozan Felix hil zanean), eta harrezkero proiektu barritzaile eta bikainetan ibili da beti, alpinismoen erronka diferenteak bilatzen.
Gizarte arloan be Felixek biztutako argia ez da amatau. Alberto anaieak proiektu solidario ugaritan hartzen dau parte (adibidez, WOPen), eta ezin da ahaztu Baltistan ibarrean bizi diran herriei laguntzen deutsan fundazinoa be, hain zuzen be, Felixen izena daroana.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!