Olivia de Havilland aktorea hil da

Bizkaie! 2020-07-27 07:53   Zinemea

Hollywood klasikoaren ordezkari eta Oscar sari bi irabazitakoa zan.

Estadu Batuetako zinemagintzearen aro klasikoko azken ordezkarietako bat zan Olivia de Havilland (Tokio, 1916-Paris, 2020), eta azken-azkena izan zala esatea be ez da larregi, orduko izar handien artean bizirik geratzen zan bakarra zalako. Gone with the Wind filmean egin zan ezagun, gero aktore onenaren Oscar sari bi irabazi zituan, eta, azkenik, zinemagintzako estudio poteretsuenei aurre egin eutsen, askatasun kreatiboaren alde. 104 urtegaz hil da de Havilland, astegoienean.

1930eko hamarkadan abentura-film batzuetan parte hartu eta gero, Melanie Hamilton pertsonaiaren rolean agertu zan Gone with the Wind klasikoan, Scarlett O'Hararen lagun minarena egiten. Bigarren mailako pertsonaia lehen lerrora eroan eban. Ondoren, protagonistea izan zan 1940ko hamarkadako beste klasiko batzuetan: To Each His Own and The Heiress filmetan egindako lanagaitik Oscar sari bi emon eutsezen, eta beste izendapen bi be jaso zituan hamarkada berean.

Aro klasikoko Hollywoodeko sistemea estudioen menpe egoan guztiz, eta aktoreak hareen esanetara ibilten ziran film batetik bestera. Proiektuak aukeratzeko eta sormenerako askatasun handiagoa izateko aldarrikapenei esker, sistema hori aldatzeko giltzarrietako bat izan zan de Havilland. Filmetako pertsonaia apal eta esanekoen atzean nortasun handiko aktorea egoala ikusi zan.

Estudioak ernegatu arren, ez eban bere ibilbide oparoa eten. Halandabe, Parisera joan zan bizi izaten (1950eko hamarkadatik hil arte izan dau etxea han), eta antzerkigintzara jo eban, kasu horretan be lan bikainak eginaz. Telebistan egindako lanakaitik sari ugari irabazi zituan, harik eta 1988an erretirau zan arte, mende erdi pasautxuko bidearen ostean.

Tokion jaio eta Parisen hil arren, herritartasunez britainiarra zan Olivia de Havilland, eta gaztaroa Estadu Batuetan pasau eban. Aita abogadua zan; ama, aktorea, baina ezkondu zanean erretirau zan. Ahizta gaztea, Joan Fontaine (1917-2013), Hollywood klasikoko beste izar handi bat izan zan. 1942an, aktore onenaren Oscar saria irabazteko lehian egon ziran ahizta biak, historian halako zeozer pasau zan lehenengo aldia. Edozelan be, ez ziran alkarregaz ondo konpontzen eta ez ziran sekula adiskidetu.

De Havillandek jasotako sari, omenaldi eta izendapenen zerrendea luze-luzea da. Aktore onenaren Oscar bi irabazteaz gan, izendapen ugari izan zituan kategoria horretan zein bigarren mailako aktorearen sailean. Urrezko Globoa, Veneziako Volpi kopea, Emmy saria eta abar be emon eutsezen. Ganera, Britainiar Inperioko Damea eta Frantziako Ohorezko Leginoko zalduna zan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu