Zazpi film labur aukeratu ditue 2020ko Kimuak katalogorako

Bizkaie! 2020-07-14 10:43   Zinemea

Aurkeztutako 72 film laburretatik 7 aukeratu ditu epaimahaiak.

'Dar Dar', Paul Urkijo | Ikusi handiago | Argazki originala

Aurkeztutako 72 film laburretatik 7 aukeratu ditu epaimahaiak Kimuak programearen 23. edizinoko katalogoa osotzeko. Programearen helburua lanok babestu eta sustatzea da.

Aurten hautatutako lanak ondokoak dira: Tucker Davila Wooden eta Larry Mankusoren Barbudos; Paul Urkijo Alijoren Dar Dar; Hauazkena Taldearen Ehiza; Pablo Hernandoren El ruido solar; Iban del Campo eta Silvia Reyren Interior taxi noche; Maria Elorza eta Koldo Almandozen Quebrantos eta Marina Palacioren Ya no duermo.

Horreetatik bi euskeraz filmautakoak dira, beste bi gaztelaniaz, bat ingelesez, beste bat ingelesez eta gaztelaniaz eta zazpigarrena animazinoko film mutua da.

Barbudos Kimuak-en hautatua izan dan Tucker Davila Wooden bigarren lana da, Bob Wood estadubatuarraren istorioa dakarrena. AEBek Kubari ezarritako blokeoaren ondorioz AEBra bueltan joan behar izan eban Woodek eta 60 urte geroago, Kubara itzulerea erakusten da filman.

Dar Dar Paul Urkijo Alijoren azken film laburra da. Gasteiztarrak neska baten eta demonio baten gorabeherak ditu aztergai.

Ehiza Hauazkena Taldearen lana da. Rafael Ruiz Balerdiren 1969ko Homenaje a Tarzan. Capitulo I. La cazadora inconsciente animazinoko film labur esperimentalagaz loturea dau sorkuntza horrek. Ruth Escobarrek, Jugatx Astorkiak, Miriam Inzak, Angela Juradok, Oihana Leundak, Arrate Lopez Apellanizek, Naiara Mallabiak, Uxue Reinosok, Bego Vicariok eta Roberto Zabartek osotzen dabe Hauazkena Taldea.

Pablo Hernando arabarrak, barriz, El ruido solar lanari esker lortu du katalogoan sartzea. Ikus-entzunezko lanean azaldu ezin dan jazoera kosmiko baten ondorioz etorkizuneko ikuspegi labur bat izan daben personen istorioak dira ardatz.

Iban del Campo eta Silvia Reyren Interior taxi noche filmak egileetako baten esperientzia personal bat dau aztergai eta New York uriari eta kamera ezkutuko Taxicab Confessions saioari omenaldia egiten deutse.

Katalogora, Quebrantos film laburra be batu dabe; filmaren egileak Maria Elorza eta Koldo Almandoz dira. Ibilbide luzeko zinemagile horreen film laburra irrati-grafia bat da eta tratu txarrei buruzko emakume biren alkarrizketea erakusten dabe bertan, interferentzia eta isiluneakaz tartekatuta.

Azkenik, Marina Palacios (1996) zinemagile gaztearen hirugarren film laburra Ya no duermo lana nabarmendu behar da, 12 urteko mutiko baten eta bere osabearen amesa jorratzen dauena, banpiroei buruzko film bat grabetea, hain zuzen be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu