Bartas, Kawase, Ozon eta Vinterberg Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko dira
2020-07-06 09:17 ZinemeaKulumbegashviliren lehen lana eta Satoren bigarren filma be Urrezko Maskorra irabazteko hautagai dira.
Sharunas Bartas (Siauliai, Lituania, 1964) Cannes, Berlin, Venezia eta Locarnoko jaialdietan esperientzia dauen autorea da eta Frost (2017) eta Eurazijos aborigenas / Eastern Drift (2010) filmak zuzendu ditu (2014an, Eastern Promises. Ekialdeko Europaren erretratua 50 filmetan atzera begirakoan aukeratu eben). Irailean Donostiara itzuliko da, In The Dusk filma nazinoarteko mailan estreinetako, Bigarren Mundu Gerraren ondoren Lituaniako okupazino sobietarraren kontrako mobimentu partisanoaren burrukeari buruzko dramea.
Naomi Kawasek (Nara, Japonia, 1969) sarri parte hartu dau Donostia Zinemaldian eta, aurten, Urrezko Maskorra eskuratzeko aukerea izango dau, Asa Ga Kuru / True Mothers filmari esker (lehenengoz erakutsiko dabe Europan); bi ama –bata biologikoa eta bestea adopzinozkoa– aurrez aurre jarten dituan mikrokosmos familiarraren esplorazino barri bat da. Errealizadore japoniarra Genpin (Fipresci Saria, 2010) eta Vision (2018) filmakaz lehiatu da Sail Ofizialean eta bere filmak Perlak sailean eta .doc – Ez-fikzinoaren bide barriak (2010) eta Japoniako zinema independente barria 2000-2015 (2015) atzera begirako tematikoetan be ikusi ahal izan dira.
Dea Kulumbegashvili (1986) gazte georgiarrak bere film laburrak estreinau zituan Cannesko zinema-jaialdian eta Errealizadoreen Hamabostaldian eta Dasatskisi / Beginning film luzeagaz egingo dau debuta. Filma (Donostian proiektauko da lehenengoz mundu mailan) Jehovaren lekuko batek eta bere familiak talde estremista batengandik eta herri georgiar urrun bateko poliziarengandik sufriduten daben jazarpena dakarzku.
François Ozon (Paris, 1967) Sail Ofizialera itzuliko dan beste zinemagile bat da. Urrezko Maskorra eta Gidoi Onenaren Epaimahaiaren Saria irabazi ditu Dans la maison (2012) filmagaitik eta, besteak beste, Sous le sable (2000), Le refuge (Epaimahaiaren Sari Berezia, 2009) eta Une nouvelle amie (2014) filmakaz lehiatu da. Errealizadoreak Zabaltegin (Regarde la mer, 1997) erakutsi eban lehenengo lana eta Été 85 / Summer of 85 lanagaz lehiatuko da; nerabeen maitasunei buruzko kontakizun bat da, laurogeiko hamarkadeagaz sano nostalgikoa.
Zinemaldiak Takuma Sato (Akita, 1989) japoniarraren bigarren film luzea estreinauko dau mundu mailan, Don 't Say That Word! (2014) filmari esker, hainbat sari jaso ditu Tokioko Pia zinema-jaialdian eta Busango nazinoarteko jaialdian. Haren lan barriak, Nakuko wa ineega / Any Crybabies Around? izenekoak, Urtezahar-gauean biluzik eta mozkortuta korrika ebilela telebistak grabau eban gizon baten bizitzak izan dauen aldaketea dakar.
Azkenik, Thomas Vinterbergek (Kopenhage, 1969), azken hamarkadetako Danimarkako zinemagile adierazgarrienetako batek, Druk / Another Round filmaren Europako estreinaldiagaz parte hartuko dau. Film honetan, Jagten filman bezala (2012), Mads Mikkelsen aktorea da protagonistea. Festen (1998) filmaren egileak esperimentu bitxi batean sartutako hainbat irakasleren bizitzea kontetan dau: lanaldian zehar intoxikazino etiliko maileari eustea lortzen badabe, euren buruak zabaldu eta sormena areagotzekotan dira.
In The Dusk, Asa Ga Kuru / True Mothers, Dasatskisi / Beginning, Été 85 / Summer of 85 eta Druk / Another Round dagoz aurten Canneseko zinema-jaialdiak 73. edizinoa ospatzeko aukeratu dituan filmen artean, baina, COVID-19aren pandemiaren ondorioz, ezin izan dabe jaialdia egin.
Kontuak kontu, datozen asteetan, Zinemaldiak 68. edizioko Sail Ofiziala osotuko daben gainerako lanen barri emongo dau. Jaialdia irailaren 18an inaugurauko dau Rifkin’s Festival filmak (lehiaketaz kanpo), Woody Allenek zuzendutako komedia erromantikoak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!