'Non dago Mikel?' filma udagoienean estreinauko dabe
2020-06-26 13:52 ZinemeaMikel Zabalzaren hilketearen 35. urte beteko diranean.
Torturearen biktimak babesteko Nazinonarteko Egunean aurkeztu dabe dokumentalaren kartela. Agerraldian berba egin dabe Miguel Angel Llamas Pitu ahotsa.info-ko kazetariak eta dokumentalaren egileak, Amaia Merino zinemagileak, dokumentala zuzendu dauena Pitugaz batera, eta Izaskun Arandia, Izar Films etxearen izenean. Eurekaz batera Mikel Zabalzaren senideak izan dira eta Gorka Pastor musikaria, dokumentalaren soinu bandearen egilea.
Amaia Merinok eta Miguel Angel Llamas Pitu-k zuzendu eta ahotsa.info eta Izar Filmsek produzidutako film dokumentala aurten estreinauko da, nafarraren heriotzearen 35. urteurrena beteten danean. Mikel Zabalza 1985eko zemendian atxilotu eban Guardia Zibilak eta 20 egun geroago azaldu zan Bidasoa ibaiko uretan hilda.
Prozesu luze baten ondoren, Non dago Mikel? dokumentala azken fasean dago eta udagoienean estreinatuko da. Dokumentalaren protagonistea Ion Arretxe da, 1985ean Mikel Zabalzagaz batera atxilotutako personetako bat eta jasandako torturen inguruan emoten dauen testigantzea eta egiten dituan hausnarketak balio handikoak dira. Gogoratu behar da Ion Arretxe 2017an hil zala. Mikel Zabalzaren anaia be atxilotu eben polizia-operazino haretan, eta lehenengo aldiz kontetan dabe jazo jakena film honetan. Mikelen ilobek be parte hartu dabe dokumentalean, Mikel osabearen hilketeagatik egia, justizia eta erreparazinoa aldarrikatzen jarraitzeko konpromisoa hartu dauen hurrengo familia-belaunaldiak.
Gainera, film honek erakusten du EITBk Zabalza kasuari buruz duen ikus-entzunezko artxibo garrantzitsuaren zati handi bat. Artxibo horri esker, jazoera horreek barriro bizi ahal izango ditugu, garaiko irudien eta Garbiñe Garateren (Mikelen ama), Idoia Aierberen (haren bikotekidea be atxilotua eta torturatua izan zan, eta bizirik ikusi eban azken personea izan zan) eta kasuagaz lotutako beste persona batzuen testigantzen bidez.
Gogoratu behar da dokumental hau Mikel Zabalza Gogoan Herri Ekimenak bultzatu dauela, Zabalza-Garate familia, Aezkoako eta Donostiako Altza auzoko lagun eta personak batzen dituan herri ekimenak. Proiektua ahotsa.info-k aurrera eroan dau eta crowdfunding baten bidez finantziau da, eta hainbat erakunde publikoren eta muta guztietako alkarteen laguntzak be jaso ditu.
Proiektuaren zuzendaritzea, impasse fase baten ondoren, Amaia Merinok eta Miguel Angel Llamas Pitu-k egin dabe eta oso pozik dagoz azken emoitzeagaz. Gorka Pastor musikariak sortu dau filmaren soinu bandea.
Ahotsa.info-k eta Izar Films-ek akordioa lortu barri dabe filma alkarregaz produziduteko eta banaketarako aliantza barriak aurreikusi ditue. Helburua dokumental hau ahalik eta leku gehienetan erakutsi ahal izatea da eta, beraz, estreinau ondoren, hainbat zinema festibaletan aurkeztuko da, areto komertzialetan, herri eta urietako zinema-areto eta kultur zentroetan eta akordioak zarratzen dabiz hainbat telebistakaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!