Txosnaginkane orientazino-ibilbidea estreinauko dabe bagilaren 26an, 27an eta 28an
2020-06-17 09:24 KirolaIzen-emotea zabalik dago, hilaren 24ra arte.
Bilboko Konparsak taldeak Txosnaginkane orientazino-ibilbidea estreinauko dabe bagilaren 26an, 27an eta 28an. Mendizaleek hainbat objektu topau beharko ditue Txosnagane mendian, Pagasarri eta Ganekogorta artean. Izen-emotea zabalik dago, hilaren 24ra arte, hemen.
Txosnaginkane orientazino-ibilbidea Bilboko Konparsak taldeak atondu dau Txurigorri, Bolintxu Bizirik, Kalderapeko taberna eta Iralako eta Bilbo Zaharreko jai batzordeakaz alkarlanean.
Jarduera ez lehiakorra izango da eta osasun-erispideak oinarri hartuta, Bilboko Konparsa taldeaek azaldu dauenez, ekimenaren helburua Bilbo inguruko mendi eta natura espazioak ezagutzea eta disfrutetea da, modu libre eta arduratsuan. Horregaitik, parte-hartzaile guztiei dei egin deutse jarraibideei kasu egiteko, danon osasuna bermatzeko eta ingurumena errespetetako.
Txosnagane mendiaren inguruko ginkanak ibilbide bi izango ditu norberak hautatzeko eta horreen barruan hiru zirkuitu izango dira, zozketan egokituko diranak. Edozein kasuan, topetako hamaika objektu izango dira. Biderik luzeenak izango ditu 19,17 kilometro eta 967 metroko desnibel positiboa; eta laburrenak, 13,60 kilometro eta 582 metroko desnibel positiboa.
Norberaren ibilbidea eta lagungarriak ezagutzeko ezinbestekoa izango da aurretik izena epearen barruan emotea, izan be, bagilaren 25ean ginkanea egiteko informazino dana bialduko jake izena emon daben guztiei, tartean parte-hartzaile bakotxari egokituko jakon ibilbide zehaztua eta topau beharreko elementuen zerrendea. Norberak erabagiko dau bagilaren 26tik 28ra zein egun eta ordutan igongo dauen mendira, jagokozan objektuen bila joateko. Topauko dauen elementu bakotxagaz selfie bat egin eta amaitu ondoren, Bilboko Konparsei bialdu, bagilaren 30a baino lehen. Konparsek irabazleen barri emongo dabe garagarrilaren 1ean. Ginkaneak sari bi izango ditu, biak zozketaz: Kalderapeko tabernan afaltzeko edo bazkaltzeko txartela, objektu danak topauko dituenen artean; eta aurrerago jakinarazoko dan sari herrikoia, parte-hartzaile danen artean.
Azken buruan, antolatzaileek ahalegin handia egin dabe jende pilaketak ebitetako, berbarako, ekimena hiru egun eta dozenaka orduan banatu dabe, parte-hartzaile bakotxak gurago dauen unean egiteko, gainera. Hiru zirkuitu ezbardin dira eta hasiera eta amaiera puntuak ezbardinak izango ditue, ezelako puntu estatiko barik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!