Kataluniar, galiziar, espainiar eta euskal kulturak lankidetzan

Bizkaie! 2020-05-27 08:38   Kulturea

Etxepare Institutuak eta beste hiru erakunde kulturalek bat egin dabe hitzarmenagaz.

Etxepareko Irene Larraza, batzar telematikoan (argazkia: Etxepare Euskal Institutua) | Ikusi handiago | Argazki originala

Lehenengo aldiz, kataluniar, galiziar, espainiar eta euskal kulturak eta hizkuntzak munduan zabaltzeaz arduratzen diran erakunde ofizialek euren arteko lankidetza hitzarmena sinatu dabe, sustapen lana alkarlanean egiteko asmoz. Etxepare Euskal Institutuagaz batera, Kataluniako Ramón Llull, Galiziako Consello da Cultura Galega eta Espainiako Cervantes Institutua dira sinatzaileak.

Bideokonferentzia bidez egin dabe lau erakundeen arteko batzarra, Etxepareren ordezkari Irene Larraza zuzendaria dala. Lau hizkuntzatan sinatutako hitzarmenak lau urteko indarraldia izango dau, luzatzeko aukereagaz. Lankidetza-esparrua ezarriko da Espainiako berezko kultura eta hizkuntzak sustatzen dituen ekintzetan parte hartzeko, bakotxak bere jarduera-arloen eta aukeren barruan.

Hitzarmenean jasoten danez, berezko hizkuntzak (katalana, galiziera, espainola eta euskerea) eta kulturak zabalduko ditue euren eremutik kanpo, alkarregaz jarduera kuturalak antolatzeaz gan, adierazpide artistiko guztietan (erakusketak, kontzertuak, mintegiak, topaketak...). Era berean, batzorde misto bat jarriko da martxan, aldian-aldian lankidetza hori aztertzeko.

Etxepareko zuzendari Irene Larrazaren esanetan, hitzarmena mugarri bat gehiago da gure kulturearen nazinoartekotzean. Lankidetzearen alde egin dau: Zentzunezkoa da bidearen zati bat alkarregaz egitea eta aniztasuna alkar ulertzeko beste modu bat dala autortzea. Consello da Cultura Galegako zuzendari Rosario Álvarezen arabera, gehiago da batzen gaituana bereizten gaituana baino.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu