Gernika-Lumoko Kultur Etxea barriro zabalik

Bizkaie! 2020-05-22 13:29   Kulturea

Uriko beste azpiegitura kultural batzuk astelehenean, maiatzaren 25ean, hasiko dira martxan.

Kultur Etxearen eraikina (argazkia: Wikimedia Commons) | Ikusi handiago | Argazki originala

Covid-19ak eragindako izurriak Busturialdean arnasaldia emon dauenez, Gernika-Lumoko Udalak bere azpiegitura kulturalak barriro edegiteari ekin deutso. Gaur, barikua, Kultur Etxea zabaldu dabe, beharrezko prebentzino neurriak hartuta. Hortaz, herritarrei arretea eskaintzen deutse bertara hurreratu ezkero, dagoeneko ez da derrigorrezkoa bide telematikoak erabiltea. Hori bai, Kultur Etxera joatekotan, beti gogoan izan behar da personen arteko distantzia segurua gorde eta maskarea jazteaz.

Gazte Informazino Bulegoa, Erakusketa Aretoa eta Udal Liburutegia erabili nahi dituenek, bestetik, astelehenera arte itxaron beharko dabe. Gernika-Lumoko Udalak erabagi dau hilaren 25ean zabaltzea barriro azpiegitura horreek. Liburutegiaren kasuan, erabiltzaileek konfinamenduan entregau ezin izan dituen dokumentuak itzuli ahal izango ditue. Ganera, maileguan emon diran liburuak bueltau ahal izateko postontzia jarriko da laster sarreran, eguneko 24 orduetan.

Liburutegiaren bidez kutsatzerik ez daiten egon, erabiltzaileek bueltetan dituen mailegu guztiak hamabost egunez izango ditue Liburutegiko gune baten, berrogeialdian, Covid-19 arrastorik ez daukiela ziurtetako. Behin denpora hori pasauta, barriro ipiniko ditue herritarren eskura.

Kultur Etxeko zerbitzu batzuk ez ditue martxan jarriko, berbarako estudioa, aretoko konsultea, ordenagailuen erabilerea eta kultur jarduerak. Gernika-Lumoko Udalak uste dau ezin dala erabiltzaileen osasuna bermatu horreek zabaldu ezkero, eta, beraz, larrialdia guztiz pasau arte ez ditu berreskuratuko.

Informazino gehiagorako, whatsapp mezuak bialtzeko 630 07 16 81 zenbaki barria ipini dau Kultur Etxeak.

Azkenik, Segundo Olaeta Musika Eskolan 2020-21 ikasturtean izena emoteko kanpaineari ekingo deutsie astelehenean, maiatzaren 25ean. Bagilaren 12ra arte egin ahal izango da matrikulea (09:00-14:00 eta 16:00-20:00). Informazino gehiagorako, deitu 94 627 02 14 zenbakira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu