Artea eta gastronomia buztartuz

Bizkaie! 2020-05-19 08:37   Kulturea

Maiatzaren 21ean, Etxeko faunoa, Itziar Martija teknikariaren eskutik.

Bilboko Berreginen Museoak Artelana bere testuinguruan egitasmoaren edizino berezi bat eskainiko dau maiatzean, modu birtualean, Itziar Martija teknikariaren eskutik. Egitasmo horren bitartez, Bizkaiko erakundeak lanean jarraitu nahi dau bere programazino ofiziala beste modu batean eskaintzeko eta, itxialdian gagozanez, etxean egiteko moduko jarduerak sustatzeko. Bideo-konferentzia eguenean argitaratuko da, maiatzaren 21ean, 18:00etan, Museoak Youtuben, Facebooken eta Instagramen dituan kontu ofizialetan.

Maiatzean, Artelana bere testuinguruan egitasmoak faunoaren zehetasun ezezagunenak jakinarazoko deutsoz publikoari; pieza hori da, hain zuzen, gaur egun museoan erakusgai dagoan Altxor elektrikoak erakusketako pieza deigarrienetako bat. Etxeko faunoa izenburuko berbaldiak jarraipena emongo deutse azken berbaldi biei, Herkulano eta Ponpeiari buruz berba egin baitzan. Faunoa da erakusketako pieza ederrenetako bat: Ponpeiako etxe nabarmenetako batetik dator eta, gainera, etxea bera holan deitzen da; horregaitik, Museoak hari erreparau gura izan deutso.

Ponpeiako etxeen artean, luxu handienetako bat da Faunoaren Etxea. 3.000 metro koadro inguru neurtzen ditu, bloke oso bat hartzen dau eta bertan dago uriko dekorazino bilduma garrantzitsuenetako bat. Etxe barruko antolamendua, gaur egungoa, bat dator K.a II. mendean eraikinean egindako barrikuntza-lanakaz (etxearen barruko antolamenduan kokatu behar ditugu gelak apaintzeko jarritako faunoa eta mosaikoak eta Napoliko Arkeologia Museoan ikusgai dagozanak); barrikuntzen ostean, etxeak bere horretan iraun eban, ia aldaketarik barik, sumendia lehertu zan arte, berrehun urte geroago.

Bai barruko antolamendua, baita Faunoaren Etxeko dekorazinoa be eredutzat hartu ziran uriko beste etxebizitza handi batzuetan; era berean, Faunoaren Etxean eraikin publiko ezagunetako motiboak kopiau ziran, adibidez, Apoloren Tenplukoak.

Etxeko dekorazinoan, oska eta latinezko idazkunak agertzen dira eta horregaitik merkataritzearen bidez aberastutako familia bati jagokola esan daiteke. Gainera, Altxor elektrikoak erakusketan, Faunoaren berreginak aparteko garrantzia dau; beraz, Faunoaren Etxea gai bikaina da berbaldi ziklo hau zarratzeko, Museoen Nazinoarteko Egunaren 2020ko goiburuagaz bat eginez, gainera: Museoak bardintasunaren alde. Aniztasuna eta inklusinoa.

Berbaldiaz gain, beste bideo bi argitaratuko dira; horreen bitartez, publikoak antxinako gastronomiaren barri izango dau, betibe, Berreginen Museoagaz lotuta. Lehenik, olibak gatzunetan kozinetako errezeta bat argitaratuko da. Museo Britainiarrak antxinako errezetakaz argitaratutako liburu batetik atera da errezeta hau eta antxinako Egiptori jagoko. Berbaldiak aztergai izango dau Ponpeia eta, ondorioz, baita antxinako Erroma be, baina Faunoaren Etxeko dekorazinoan eragin handia izan eban lantegi alexandriarretako produzkinoak; horregaitik, errezetea ezin hobeto egokitzen jako berbaldiari. 

Horren ostean, Bilboko museoak azkenburuko baten errezetearen bideoa eskainiko dau: muztiotan beratutako ikoak mascarponeagaz batera; jateko hori Altxor elektrikoak erakusketearen estreinaldian eskaini eben eta guztiz txunditu zituan hara batutako guztiak. Plater sinplea da eta, beraz, ikus-entzuleek arazo barik kozinau leikie etxean. Berreginen Museoak errezeta horregaz zarratu gura dau berbaldi zikloa, horrexegaz beragaz abiatu ondoren.


Artelana bere testuinguruan

2019-2020ko ikasturtea gaiaren arabera antolatu da. Egitasmo horretan, berbaldi bat antolatzen da hilean behin, bildumako pieza bati buruz eta dagoeneko 10 urte dira martxan jarri zala: aurten, Altxor elektrikoak erakusketan oinarritu da, Valladolideko Eskulturearen Museo Nazionaletik ekarria. Bizkaiko erakundean orain arte erakutsitako erakusketen artean, entzute handikoa da eta jenteak aukerea izan dau jarduera honen bidez be ezagutzeko erakusketea.

Online jarduera hau dobakoa da eta interesa daben guztiek hartu leikie parte. Honezkero, Museoko programazinoaren erreferentea da ziklo hau, izan be, Museoaren alderdi pedagogiko eta kulturala finkatu dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu