200 gazte inguruk emon dabe izena EGOren entzunaldi birtualetan
2020-05-12 08:11 Musikea% 53 izan dira gizonezkoak eta % 47 emakumezkoak, 21 urtekoa izan dalarik edadearen batazbestekoa.
16 eta 27 urte bitarteko 193 gaztek emon dabe izena Euskal Herriko Gazte Orkestrako (EGO) 24 titular postuak beteteko. Izen-emotea mugarria izan da proiektu kultural estrategikoarentzat, 1997an Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak bultzatuta sortu zanetik, BBK, KUTXA eta VITAL Fundazinoen babesari esker.
Hasieran, entzunaldiak aurrez aurre ziran egitekoak, lehen aldiz, Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegian (Musikene), apirilaren 14aren eta 19aren artean. COVID19ak eragindako osasun krisia dala eta, EGO baldintza barrietara egokitu da, hasieran aurreikusitakoa aldatuz. Teknologia barrien bidez egin ditue entzunaldiok.
Eskatutako errepertorioa atondu, bideoan grabau eta bialdu behar izan dabe gazteek, egungo egoerara moldatzeko gaitasun handia eta malgutasuna erakutsiz.
EGOren aro barri honetan, hainbat izan dira entzunaldietako epaimahaia osotu dabenak: euskal erakunde sinfonikoetako bakarlari bi (BOS eta EOS), baita estaduko zein nazinoarteko orkestra eta erakunde garrantzitsuetako hainbat kide be (London Symphony Orchestra, Vienako Orkestra Filarmonikoa, Suisse Romande, Espainiako Orkestra Nazionala, Reina Sofia Musika Eskolea, Gran Teatre del Liceuko Orkestra...).
Epaimahaikide guztiek egin dabe entzunaldien balorazino positiboa, hautagai gazteek erakutsitako maileagatik, oro har, baita bideoek entzunaldiak behin baino gehiagotan aztertzeko aukerea eman deutselako be (zuzeneko entzunaldietan ez bezela), nahiz, momentu batzuetan zailtasunak izan dituen, gehienbat proiektautako soinuaren kalidadea antzemoteko.
Entzunaldiak
Aurkeztutako hautagaien % 60 EAE eta Nafarroatik datoz. Gazteetatik 24 Titular izan daitezan aukeratu ditue eta 43 Ordezko. Musikenek egin dau ekarpen handiena aurkeztu eta hautatu diran musikariei jagokenez, Nafarroako Goi Mailako Musika Konserbatorioagaz eta Aragoikoagaz batera.
Aitagarria da, beren ikasketak nazinoarteko ikastegi garrantzitsuetan gauzatzen dabizen euskal gazteen parte-hartzea. Salzburgoko Universitat Mozarteum, Anberesko Errege Konserbatorioa, Londresko Guildhall eta Royal Music School, Kataluiniako ESMUC eta Liceuko Goi-Mailako Konserbatorioa dira, besteak beste, musikari horreen ikastegiak.
Generoari jagokonez, % 53 izan dira gizonezkoak eta % 47 emakumezkoak, 21 urtekoa izan dalarik edadearen batazbestekoa.
Entzunaldiak amaituta eta uda honetako topaketa nahiz jardueren antolaketeari jagokoonez, EGOren talde kudeatzailea egungo egoera ezohikoari erantzuteko bideak bilatzen dabil, orkestrearen egitekoa gauzatu ahal izateko eta EGO dan proiektu eder honen helburuak beteteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!