Munduko zinemaldi handiek online jaialdia antolatu dabe

Bizkaie! 2020-04-28 10:29   Zinemea

Donostiako Zinemaldiak be hartzen dau parte maiatzaren 29an hasiko dan ekimenean.

Pelikulak erakusteko bide barriak topetako lanean hasi dira munduko zinema-jaialdi ospetsuenak, Covid-19ak ez deian euren jarduna geratuarazo. Alkarregaz bat egin, eta We Are One: A Global Film Festival antolatu dabe, maiatzaren 29an hasi eta hamar egunez Youtuben ikusi ahal izango dan jaialdi telematikoa. Alfonbra gorriaren eta pantaila handien faltan, ikus-entzuleek etxeko egongelatik segidu ahal izango ditue munduko hainbat jaialdik aukeratutako filmak, doban.

Donostiako Zinemaldia da ekimena antolatzen dabilenetako bat. Ez dago garbi irailean 68. edizinoa egin ahal izango dan ala ez, edo ze formatutan izango dan. Baina maiatz amaieran eta bagilaren hasieran, behinik behin, Donostiako programatzaileek aukeratutako pelikula batzuk ikusi ahal izango dira We Are One jaialdi barri horretan.

Zinemaldi global eta digital horretan parte hartzen dabenen artean, Donostiakoaz gan, nazinoartean ospe handia daben beste jaialdi asko be badagoz: Berlin, Cannes, Guadalajara, Jerusalem, Karlovy Vary, Locarno, Macao, Mumbai, New York, Sarajevo, Sundance, Tribeca eta Venezia, besteak beste.

Ekimen honen bitartez batzen dan dirua Osasunaren Munduko Erakundearen Funts Solidarioari emongo deutsie, Covid-19aren kontrako burrukan lagundu deian. Era berean, jaialdietako bakotxak bere eremuko proiektu solidarioak be lagundu ahal izango ditu.

Sarri egiten dogu berba mugen eta ezbardintasunen ganetik filmek herritarrak inspirau eta batzeko daben ahalmen poteretsuaz, munduari osatzen laguntzeko gaitasunaz. Ba, uneotan, mundu guztiak dau osatzeko beharra, adierazo dau Jane Rosenthalek, antolatzaileen izenean. YouTube plataformearen izenean, Robert Kyncl zuzendari komertzialak zera ganeratu dau: Aurretik inoiz egin bako zeozer da eta harro gagoz mundu guztiko zaleek doban ikusi ahal izango dituen edukion etxea izateaz.

Programazino zehatza jaialdia hasi baino egun gitxi lehenago iragarriko dabe. Aurreratu dabenez, film luzeak, film laburrak, dokumentalak, musikea, umorea eta alkarrizketak egongo dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu