WOP Challenge bertan behera itxi dabe

Bizkaie! 2020-04-16 09:16   Kirola

Erreleboka Bizkaiari buelta osoa emotea da lasterketa solidario horren helburua.

Gaixotasun neurodegeneratiboak dituenen eta hareen familien alde lan egiten dauen Walk On Project (WOP) proiektuko kideek ohar baten azaldu dabenez, 2020ko WOP Challenge lasterketea ez da egingo, Covid-19 birusak eragindako osasun larrialdia dala eta. Bagilaren 6an eta 7an egitekoa izan da, baina ezin izango da. Fetxak atzeratzea baztertu dabe antolatzaileek, kasu horretan be ezin izango litzatekeelako jakin osasun baldintzek onera egingo daben.

Erabagi mingarria da, ilusinoa, lana eta dirua jarri doguzalako honetan, adierazo dau Mikel Renteria WOP Fundazinoko zuzendariak. Lasterketearen bidez batzea espero eben diruari uko egitea be esan gura dau erabagiak. Gaixotasun neurodegeneratiboak ikertzeko proiektuetara bideratzekoak izan dira diru hori, Renteriak gogoratu dauenez.

Hainbat arrazoi aitatu ditu WOP Challenge bertan behera ixteko. Batetik, jakina, Covid-19ari aurre egiteko neurriek bagilaren hasieran halako lasterketa bat jokatzen itxiko daben ez dalako ziurra. Antolatzaileek ez dabe azken ordura itxaron nahi izan, parte-hartzaileentzat kalte handiagoa izango zan eta. Bestetik, ekimen honen edizino guztietan lasterkarien segurtasuna bermatzea lehentasuna izan dala gogoratu dau Renteriak. Azkenik, korrikalarien prestakuntza ona beharrezkoa dala azaldu dau, baina itxialdian ezin dabela kalean edo mendian ariketa fisikorik egin.

2020ko WOP Challenge lasterketearen helburua egun bian Bizkai osoari bueltea emotea izan da, erreleboka eta mendirik mendi. Herrialdeko lekurik enblematikoenetatik diseinau dabe ibilbidea, 19 etapa eta 226 kilometrokoa. Korrikalariek taldeka emon dabe izena. Orain, dirua bueltauko deutsiela zehaztu dau WOP Fundazinoak.

Hasiera baten, bagilaren 20 eta 21erako antolatu eben lasterketea, baina Bilbon jokatu beharreko Eurokopako partiduagaz bat ez egiteko, bagilaren 6 eta 7ra aurreratu eben. Bilbon hasi eta leku berean amaitzea zan plana, Estropatadearen egun berean. Azkenean, bertan behera geratu dira Eurokopea eta WOP Challenge.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu