Arantza Ibarra saritu dabe Kazakhstanen

Bizkaie! 2020-04-02 11:24   Zinemea

Dokumentalik onenaren saria emon deutsie Mi pequeño gran samurai filmari.

Covid-19 gaixotasuna dala eta, mundu guztia geldirik dagoala emoten dau, baina Kazakhstanen, itxuraz, ez daukie horren neurri zorrotzik, ze Eurasia International Film Festival jaialdia egin dabe egunotan. Izar Films produkzino-etxearen ekimenez, hantxe lehiatu da Arantza Ibarraren Mi pequeño gran samurai, bai eta sari nagusietako bat irabazi be, 40 minututik beherako dokumentalik onenarena.

Ondarroan bere buruaz beste egin eban Ekai Lersundi gazte transexualaren inguruko filma da Arantza Ibarrak zuzendutako hori. Ondarroako Udalaren, herritarren eta Ekairen gurasoen laguntzinoagaz egin eban dokumentala, eta Bilboko Zinegoak jaialdian aurkeztu zan jentaurrean.

Oraingo honetan, Euskal Herritik urrun ezagutu ahal izan dabe Ekairen historia, Asia erdialdeko Kazakhstanen. Inguru haretan, LGTBI+ kolektiboak traba ugariri egin behar deutso aurre, eta justizia-erakundeen zein poliziaren jazarpena jasaten dabe batzuetan (Errusiako kasua da ezagunena). Horregaitik, Arantza Ibarra zuzendariak ilusinoz hartu dau Mi pequeño gran samurai Kazakhstanen proiektau eta saria irabazi izana.

Filma jatorriz gaztelaniazkoa da, baina ingelesezko azpitituluak ipini deutsiez nazinoarteko jaialdietan erakusteko. Eurasia jaialdirako, izenburua be aldatu deutsie, laburragoa eta errazagoa izan daiten: Ekai izenagaz lehiatu da.

Zinema jaialdi baten irabazten dauen bigarren saria da hau Arantza Ibarraren dokumentalarentzat. Zinegoaken Publikoaren Saria emon eutsien, eta oraingo honetan, 40 minututik beherako dokumentalik onenarena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu