Hur dago XX. Augustin Zubikarai Saria

Bizkaie! 2020-04-02 07:55   Kulturea

Proiektuak irailaren 30era arte bialdu daitekez.

Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak, euskal kulturea aberastu eta idazleen lana bultzatzeko asmoz, Augustin Zubikarai saria antolatzen dabe, nobelak sortzeko beka legez funtzionauko dauena. Deialdira eleberriak idazteko proiektuak aurkeztekotan, jatorrizkoak eta euskeraz sortuak izatea nahitaezkoa da, beste inondik moldatu bakoak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez diranak. Beka hau behin irabazten dauenak ezingo dau barriro parte hartu.

Parte-hartzaile bakotxak, ondorengoak aurkeztu behar ditu, epostaz atxikitako dokumentuetan:

a) Landu nahi dauen kontakizunaren azalpena, bi mila eta sei mila karaktere bitartekoa, egoki eretxitako ezaugarriak zehaztuz: argumentua, egiturea, luzerea, estiloa eta bestelakoak.

b) Idazlanaren lagina edo erakusgarria, hamabost mila eta berrogei mila karaktere bitartekoa, ez nahitaez kontakizunaren hasierakoa, baina bai zati bakarra osotzen dauena.

c) Egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia eskaneauta. (Egileei buruzko informazinoa Udalak gordeko dau erabagia hartu arte eta epaimahaikoek ez dabe jakingo hareen barri).

Kontuak kontu, 2020ko irailaren 30a arte bialdu behar dira proiektuak ondoko helbidera: mrey@ondarroa.eus

Ana Urkiza, Leire Bilbao eta Xabier Mendigurenek osotutako epaimahaiak jasotako proiektu guztiak aztertu eta horreen arteko bat izentauko dau irabazle 2020ko urriaren 31 baino lehen. Aurkeztutako lanek behar besteko kalidaderik ez dabela pentsau ezkero, bekea emon barik itxi leike epaimahaiak.

Saria 6.000 eurokoa izango da eta Ondarroako Udalak pagauko deutso irabazleari era honetara: bekearen diru-kopuruaren erdia, irabazle izentau ondoren eta beste erdia, idazlan amaitua entregau eta epaimahaikoek onespena emondakoan.

Irabazleak, izendapena jaso eta urtebeteko epea izango dau, gehienez, idazlan amaitua Ondarroako Udalari helarazoteko. Luzerea aldez aurretik zehazten gatxa bada be, liburua osotzeko besteko izan beharko dau: 150.000 karaktere gitxienez. Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango baleu, epaimahaikoei jakinarazi beharko deutse aldaketearen barri eta hareen onespena jaso. Horrezaz gan, lanaren martxaz jakinaren gainean izango ditu antolatzaileak.

Idazleak bere lana entregauko ez baleu, edo idazlan horren izakerea eta kalidadea, epaimahaikoen eretxiz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmen kaxkarragoak balira, idazleak itzuli egin beharko dau jasotako dirua.

Bekea jasotako idazlanaren jaubetzea egilearena izango da. Alabaina, lan horrek ezingo dau beste inongo beka edo saririk jaso, ez laguntzinoaren aurretik ezta ondoren be, argitaratu osteko sariak izan ezik. Elkar argitaletxeak argitaratuko dau idazlana, eta egile-eskubideak ohiko moduan pagauko deutsoz egileari. Epaimahaiak onespena emoten dauenetik hiru hilebeteko epean kaleratu beharko da liburua, eta bertan bekearen aitamena egingo da nahitaez.

Azken buruan, beka-deialdi honetan parte hartzeak bertako oinarriak ontzat emotea dakar; horreen ulermenean dudarik balego, antolatzaileei jagoke erabagitea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu