Donostiako eta Zuricheko zinemaldiak alkarlanean

Bizkaie! 2020-04-01 11:56   Zinemea

Jaialdi bietan azoka zinematografikoak antolatuko ditue.

Zinemagintza independenteari alkartasuna adierazoteko eta sortzen dauen eskariari erantzuteko asmoz, José Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariak eta Christian Jungen Zuricheko ZFF jaialdiko zuzendari artistikoak azaldu dabe azoka zinematografikoak antolatzeko asmoa dabela, bai Donostian eta bai Zurichen. Komunidade zinematografikoak agertoki barrietan modu independentean finantzautako proiektuen merkadua babesteko egindako ahaleginaren emoitzea da alkarlana.

Estadu Batuetako zinema jaialdi independente bitan aukeratutako lanak erakutsiko deutsiez mundu osoko erosleei: Austin eta Tribecako jaialdiak, biak be produktore independenteen erreferente. Donostiako eta Zuricheko arduradunak nazinoarteko agentzia, salmenta-konpainia, banatzaile, finantzatzaile eta erosleen moltsoa sortzen dabiz, salmenta-merkadua eregiteko.

José Luis Rebordinosek holan azaldu ditu Zinemaldiaren asmoak: Aukerea emon nahi deutsegu beste jaialdietarako hautatuak izan ziran filmei erosle eta banatzaileen aurrean aurkezteko. Bide batez, nahi dogu profesionalek eta munduko industriako konpainietako ordezkariek Donostiako Zinemaldiaren dimensinoa, programazinoa eta ekimenak ezagutu deiezela.

Suitzako Zuricheko zinema jaialdia 2005ean antolatu eben lehenengo aldiz, zinemagile gazteak topetea helburu. Hiru sail nagusi ditu (film luzeak, dokumentalak eta Focus), eta zinemagintzako izar handiei omenaldiak egiten deutsiez urtero: Cate Blanchett, Hugh Jackman, Sean Penn, Michael Douglas, Alejandro González Iñarritu, Wim Wenders eta abar saritu ditue. Alemanieraz egiten dan lurraldeetako (100 miloe biztanle) udagoieneko jaialdirik garrantzitsuena da.

Beste alde batetik, José Luis Rebordinosek adierazo dau ahalegina egiten dabizala aurtengo Zinemaldia egin daiten. Irailaren 18tik 26ra dago aurreikusita 68. edizinoa, baina Covid-19 gaixotasunak kolokan ipini dau hitzordua. Orain garrantzitsuena zinema-industriako profesionalen eta ikusleen osasuna da. Halandabe, lanean jarraitzen dogu 2020ko edizinoa irailean egiteko, dino Rebordinosek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu