Etxean jarduera fisikoa egiteko bideoak zabaldu ditue kirolari ezagunek

Bizkaie! 2020-04-01 08:47   Kirola

Euskerazko grabazinook Euskal Kirolari programearen parte dira.

Leticia Canales surflari bizkaitarrak Euskal Kirolarin aholkuak emoten ditu | Ikusi handiago | Argazki originala

Etxean gagozan bitartean ariketa fisikoa egiteaz gogoratzea inportantea da, batez be kalera urteterik ez dagoan sasoiotan. Horregaitik, Eusko Jaurlaritzeak martxan jarritako Euskal Kirolari egitasmoak hainbat bideo zabaldu ditu sare sozialetan, eta bertan euskal kirolari ezagunak agiri dira ariketa fisikoa egiteko aholkuak emoten.

Bideo guztiak euskeraz dagoz, Euskal Kirolariren helburu nagusietako bat euskerea kirol munduan bultzatzea dalako, batez be gazteen artean. Proiektuaren arduradunek ikusi dabe etxean jarduera fisikoa egitearen inguruko bideo asko agertu dirala itxialdia ezarri zanetik, baina horreetako gitxi dagozala euskeraz.

Eliteko kirolariek be, ganerako herritarren moduan, errutinak aldatu behar izan ditue alarma egoerearen ondorioz. Hortaz, aukera aproposa da euren urtenbideak, aholkuak eta animoak zabaltzeko. Pilo bat kirolarik hartu dabe parte Euskal Kirolariren ekimen honetan, eta bideoak konpartiduten hasi dira: Futbolariak, txirrindulariak, surflariak, prestatzaile fisikoak, atletak, gimnastak... Instagram, Facebook eta Twitter sareetan topau leitekez bideoak.

2017an sortu eban Jaurlaritzeak Euskal Kirolari programea, euskerea kirolean sustatzeko, batez be gazteen artean. Ardatz nagusi bi ditu: Teknologia barriak eta influencer moduan jokatzen daben kirolari ezagunak. Bideo laburren eta sare sozialen bitartez kirolariek euskereak euren jardueran dauen pisuaz eta garrantziaz berba egiten dabe, eta terminologiaren inguruko aholkuak emoten ditue. Material hori guztia sare sozialetan, eskola kirolean eta kirol federatuan zabaltzen da.

Oraingo honetan, bideoak egiten dabizan kirolariak honeek dira:

  • Iñi Vicens, fitness prestatzailea
  • Luca Sangalli, Realeko futbolaria
  • Ibai Gomez, Athleticeko futbolaria
  • Odei Jainaga, xabalina jaurtitzailea
  • Julen Goia, Ordizia Errugbiko jokalaria
  • Lide eta Amaia Erbina, Espainiako errugbi selekzinoko jokalariak
  • Xabier Osa, crossfit egokituko kirolaria
  • Esther Fernandez, yoga
  • Mikel Landa, txirrindularia
  • Leticia Canales, surflaria
  • Saioa Agirre, gimnasia erritmikoa
  • Asier Garcia, gurpildun-aulkiko saskibaloi jokalaria
  • Nerea Perez, arraunlaria
  • Ibon Larrinaga, boxeolaria
  • Ondiz Lekunbarri, arraunlaria
  • Ander Romarate, Eibarko futbol inklusiboko entrenatzailea

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu