Maialen Chourrautek ‘Bildurretan Arraunean’ dokumentala aurkeztu dau
2020-03-26 11:44 ZinemeaTxapeldun olinpikoa bera da protagonista dokumentalean.
Iñigo Asensiok zuzendutako eta Basque Team Fundazinoak babestutako Bildurretan Arraunean lanak piraguisteak azken ziklo olinpikoa zelan eroan dauen erakusten dau; Rioko Jokoetan urrezko dominea irabazi ebanetik Tokioko Jokoetarako txartela lortu arte.
COVID 19 koronabirusa dala eta, Donostian egin beharreko aurrestreinaldia bertan behera itxi behar izan da baina horren ordez Basque Team Fundazinoak talde jakin bati (kirolariak, babesleak, instituzinoetako kideak eta kazetariak) gonbidapena luzatuko deutse martiaren 27an dokumentalaz eta barriketaldiaz online gozetako.
Gaur, martiaren 26an, barriz, prentsa-oharra zabaldu dabe informazinoagaz, dokumentalaren trailerragaz eta Maialen Chourrauten (txapeldun olinpikoa eta dokumentalaren protagonistea), Iñigo Asensioren (dokumentalaren zuzendaria) eta Olatz Legarzaren (Basque Teameko koordinatzailea) azalpenakaz.
Basque Teamen bekea dauen Maialen Chourraut piraguistea Iñigo Asensiok zuzendutako eta Korima Filmsegaz eta EITBgaz produzidutako dokumentaleko protagonistea da. Filmaren aurrestreinaldia martiaren 27an egin behar zan, Donostiako Aquariumean, baina bertan behera itxi behar izan da, COVID 19 koronabirusak eragindako alarma egoereagaitik. Halan da be, bihar, martiak 27, online dokumentalaz eta ondorengo barriketaldiaz gozetako modua egongo da. Beldurretan arraunean lanak 2016an txapeldun olinpikoa izan zan eta 2012ko Londresko Olinpiar Jokoetan brontzezko dominea irabazi eban Lasarteko piraguistearen alderik ezezagunena ekarriko deusku. Maialen, orain lau urte, banakako kirol batean metal preziatuena lortzen lehen euskal kirolaria izan zan.
Halan da be, Rio de Janeiron dominea irabazi ebanetik Tokion lehiatzeko olinpiar pasea barriro lortu arteko prozesu guztia ez da bape erraza izan. Bidenabar, arazo fisikoei aurre egin behar izan deutse Maialenek, baita barruko bildurrei be, eta horreetan sakontzen dau berak dokumentalean. Horreetako batzuk umetatik etorri jakozan bildurrak dira eta beste batzuk, bizitzaren gorabeherakaitik sortu jakozanak, beste alderdi batzuk, amatasuna adibidez, maila goreneko piraguismoagaz buztartu behar izateagaitik.
Dokumentalean ikusiko dozuen Maialen hori ni naz. Uste dot oso ondo islatuta dagoala. Kanpotik ez dakit ze Maialen Chourraut ezagutuko dan baina hau da barruko, eguneroko Maialen Chourraut adierazo dau txapeldun olinpikoak.
63 minutuko dokumental honetan, Iñigo Asensio zuzendariak modu intimistan jaso ditu Maialenek berak egindako adierazpenak, batez be Brasilen lorpen handiaren ondoren etorritako guztiari buruz. Hur eta zintzo agiri da Maialen, ikusleari bere etxeko ateak zabalduz. Piraguisteagaz batera, bere hurreko beste testigantza interesgarri batzuk jasoten dira, besteak beste, bere senar eta entrenatzaile Xabier Etxanizenak, bere amarenak eta umezarotik lagun izan dituan beste piraguista batzuenak. Maialeni buruz diziplinako beste izarrek be berba egin dabe, berbarako, Jessica Fox australiarrak.
Dokumentala osotzen daben adierazpen horreek eta beste asko jasoteko, grabazino taldea Rio de Janeiro, Australia, Pau eta La Seu d 'Urgellera joan da, besteak beste. Dokumental honek Maialenen beste arpegi bat erakusten dau; irabazle, sendo, ziur, indartsu eta dudarik bako horren beste arpegi bat dino Asensiok.
Lana Korima Filmsek produzidu dau, Traola, EITB eta Basque Teamen babesagaz.
Bagileann Bartzelonan egingo dan BCN Sports Film Festivalerako hautatu dabe dagoeneko. Basque Teameko koordinatzailea dan Olatz Legarzak ez dau aukerea galdu gura izan fundazinoak proiektua hasieratik babesteko erabagia zergatik hartu eban azaltzeko: Maialen, Basqueteam markeak islatu nahi dituan baloreen erreferente argi bat da. Alde batetik, haren kirol emoitzak hor dagoz, kirolari olinpiko batek lortu leiken garaipenik desiatuena eta berak lortu dau. Kirola bere bizimodua da, eta bere ames personalak be testuinguru horretan lortu ditu bidean izandako aldagai guztiak bateragarri eginez.
Basque Team Fundazinoa eliteko kirolaren erreferentzia nagusia da Euskadin eta bere egitekoa goi-mailako euskal kirolaren garapena bultzatzea da, euskal kirolariek nazinoarteko goi-mailako lehiaketan ordezkaritzea eta emoitza bikainak izan deiezan. Fundazinoa 2007an sortu eben Eusko Jaurlaritzaek, Kultura Sailaren bidez eta euskal irrati-telebista publikoak, EITBk.
Maialen Chourraut
Chourrautentzat Tokiokoak laugarren Jokoak izango ziran, izango dira 2021ean. Lasartearrak brontzea irabazi eban Londreseko 2012ko Jokoetan eta urrea Rioko 2016koetan. Orain, barriz, osasun alarma egoereak eragindako astrapalearen ondoren, Tokiokoak bertan behera itxi dituele jakinda, entrenamenduak eta plangintzak egokitzen lan handia dagoala adierazo dau kirolariak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!