Praktika Artistiko eta Jantza Garaikideko egonaldietarako epea zabaldu dabe Bilbon

Bizkaie! 2020-03-25 11:39   Kulturea

Azkuna Zentroak apirilaren 5era arte zabaldu dau egonaldi bietarako proiektuak aurkezteko epea.

Jantza Garaikideko egonaldia

Jantza Garaikideko egonaldia Dansateliers, Rotterdam (Holanda), jantza sorkuntza eta erakusketa-zentroagaz lankidetzan egiten da. Jantzako profesionalei zuzenduta, egonaldia aldi bitan egiten da: Lehen aldia Azkuna Zentroan (Bilbo) izango da eta pieza koreografiko bat ikertzeko eta sortzeko prozesua jorratuko dau. Bigarren aldia Rotterdamen izango da, Dansateliers-en instalazinoetan eta bigarren aldi horretan, egoiliarrak Dansatelierseko taldearen aholkularitzea eta mentoring artistikoa izango dau eskura bere lana jorratzeko. Aldi berean, Dansateliers Rotterdam-ek Holandako testuinguruari lotutako koreografo bat hautatuko dau, antzeko ibilbidea egin daian, deialdi honetan hautatutako egoiliarragaz hartu-emonetan jarrita. Pieza bien estreinaldia batera izango da, Rotterdamen eta Azkuna Zentroan.


Praktika Artistikoetako egonaldiak

Egonaldiak Kubako eta Euskadiko artisten arteko trukea sustatzen dau, espazio bietan ikerketa-aldi bat eginez, testuinguru artistiko desbardinetan eta bertakoetan ikerkuntzea eta lana bultzatzeko asmoz. Egonaldia Carlos Garaicoa estudioak Habanan dauen Artista x Artista programeagaz lankidetzan egiten da. Bilbon aukeratutako personeak Kuban egingo dau egonaldiaren lehen zatia eta Azkuna Zentroan bigarrena. Aldi berean, Carlos Garaicoa estudioak eta Azkuna Zentroak Dayana Trigo Ramos Kubako artistea hautatu dabe eta horrek antzeko ibilbidea egingo dau, deialdi honen adjudikazinoa jasoten dauen artista egoiliarragaz hartu-emonetan jarrita.

Praktika Artistikoetako egonaldia amaitzeko, sortzaile biek lanaren erakusketea egingo dabe Azkuna Zentroan.


Sorkuntza eta ikerketa artistikorako laguntzinoa

Azkuna Zentroak era askotako ekimenak antolatzen ditu, zuzeneko eta erakusketako arteen inguruko ikerketea, sorkuntzea eta produkzinoa sustatzeko, artelanen produkzinoa bultzatu, eta herritarrakana hurreratzeko, egindako obrak zein sorkuntzako prozesuak erakutsiz. Aldi berean, hurreko sorkuntza-ehuna nazinoarteko kultura-ingurune baliokideakaz lotu eta truke, lotura eta lankidetza iraunkorrak sustatzen ditu.

Sorkuntza garaikideari laguntzeko programa honetan, Azkuna Zentroak Banco Sabadell Fundazinoaren eta Etxepare Euskal Institutuaren laguntzinoa dau.


Nazinoarteko egonaldiak

Zentroak sare eta proiektu barriak abiarazoteko lan egiten dau; esaterako, komikien nazinoarteko egonaldia, laster abian jarriko dana, Quebeceko Maison de la littérature eta Angoulêmeko Cité internationale de la bande dessinée et de l’image lako erreferente bigaz alkarlanean. Programa honen bidez, hiru egilek batera landuko ditue proiektuak hiru egoitzetan: Angoulême, Quebec eta Bilbo.

Esperientzia hori, aitzindaria Euskadin, nazinoarteko kultura-plataforma baten abiapuntua da, lan grafikoaren esparruan sormena bultzatzeko eta egileei beren sorkuntza-prozesuetan laguntzeko. Hitzarmenaren helburua da komikiaren esparruan sorkuntzea sustatzea eta herrialde ezbardinetako personen arteko topaketea bultzatzea, diziplina horretako funtsezko ingurune profesionaletan, beste arte-diziplina garaikide batzuetako artistakaz bat eginez.

Bestalde, Azkuna Zentroa lankidetzea bideratzeko azken pausuetan dabil Atelíê Fidalga de São Paulo (Brasil) proiektuagaz, praktika artistikoen egonaldi barria edegiteko. Artisten trukea gonbidapen bidez egingo da. Asmoa irailean Bilbon praktikak egiten dabilenn artista bat hartzea da eta Euskal Herriko beste batek 2021ean São Paulon izango dau egoitzea.


Artista eta ikerlari alkartuak

2020an, Azkuna Zentroak Artista AZ kideak programea, Euskadin holako programa bakarra, ikerketearen eremura zabaldu dau, egungo sorkuntzearen inguruko azterketa eta produkzinoa sustatzeko eta laguntzeko eta, beraz, arte-komunidadeen, publikoen eta beste profesional batzuen arteko trukea errazteko.

Gonbidapen bidez eta urte bitan, hainbat artista eta ikertzailegaz batera egingo ditugu beren prozesuak, proiekzinoa konpartiduta eta beste sare artistiko batzuekaz lotuz. Laguntza horren bidez, estaduko eta nazinoarteko beste zentro batzuekaz hurrekotasun testuingurua ikusarazo, bibliografia zehatz bat sortu eta egungo gizartea eraldatzeko preminei erantzungo jake, arte bisualen eta zuzeneko arteen ikuspegien bidez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu