Bizkaiko museoen foru-sarea zabalik sare sozialetan

Bizkaie! 2020-03-25 09:04   Kulturea

Internet bidez, publiko guztiarentzako jarduerak antolatu ditue.

Gernikako Euskal Herria Museoa (argazkia: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Gauza jakina da museoak zarratuta dagozana Covid-19 gaixoari aurre egiteko itxialdiaren eraginez. Baina horrek ez dau esan gura aukerarik ez dagoanik bertako erakusketez disfrutetako, modu birtualean bada be. Bizkaiko Foru Aldundiak azaldu dauenez, foru-sareko museoek jarduera ugari antolatu ditue sare sozialetan, jakingureari erne eusteko eta historiaren eta foru-museoen bildumen ezagutza lasaitua sustatzeko.

Arkeologi Museoa (Bilbo), Arrantzaleen Museoa (Bermeo), Euskal Herria Museoa (Gernika), El Pobal Burdinolea (Muskiz), La Encartada Fabrika-Museoa (Balmaseda) eta Santimamiñe (Kortezubi) jente guztiarentzako ekimenak eskaintzen hasi dira, herritarrek etxetik urten barik era guztietako erronka berezietan parte hartu deien.

Arkeologi Museoak Objektu bat, historia bat aurkezten dau, museoaren bildumetatik sortutako ekimena. Horrezaz ganera, museoak dei egin dau Nire objektua, nire historia jardueran parte hartzera, museoaren objektuakaz lotutako irudiak edo bideoak konpartiduz.

Arrantzaleen Museoak, barriz, herritarrak bultzatzen ditu arrantzearen arteak eta teknikak eduki eta bide jakingarrien bidez hobeto ezagutzera.

Euskal Herria Museoak, Koadro baten sekretuak erakusten ditu; era horretara, sarri konturatu barik pasetan doguzan museoko elementu batzuk erakusten ditu.

El Pobal Burdinoleak, bere partetik, Basoaren eta Uraren Nazinoarteko Eguna ospatuko dau, presearen, errekearen, banbu-basoaren eta inguruko beste landare-espezie batzuen irudien bidez. Sare sozialetara igongo ditue hainbat eduki eta bitxikeria, erakusketako pieza batzuk eta burdinolearen eta Muñatones gazteluaren historiari buruzko pasadizoak.

La Encartada Fabrika-Museoak, La Encartada urratsez urrats erakusketa birtualaren bidez, txapelen produkzinoa etapaz etapa erakusten dau. Ganera, #txapelachallenge erronkea be martxan dauka, eta herritarrak bultzatzen ditu txapela jantzita irudiak atera eta fabrika-museoaren facebook kontuan konpartidutera.

Azkenik, Santimamiñek 6 eta 12 urte bitarteko umeak konbidau ditu euren etxeetan horma-irudiak marraztera, Gure etxea, gure leizea ekimenaren bidez. Sortutako obrak helbide honetara bialdu leitekez: santimamine@bizkaia.eus 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu