Goi mailako kirolarientzako beken deialdia zabaldu dau Basque Team-ek

Bizkaie! 2020-03-16 08:25   Kirola

Kirol olinpiko zein paralinpikoetan modu ez-profesionalean dabizanek eskatu leikiez.

Maialen Chourraut, Basque Teameko kirolari ospetsuenetako bat | Ikusi handiago | Argazki originala

Hiru klasetako bekak eskuratu leitekez deialdi honetan, Basque Team Fundazinoak azaldu dauenez: Ohikoak, atzera eraginezkoak eta Support erakoak. Hiru kasuetan, goi mailako kirolariek eskatu leikiez, batez be euren jarduerea ez bada profesionala. Deialdia hilabete barru zarratuko dabe. Oinarriak hemen.

Beka honeen helburu nagusia goi-mailako euskal kirola sustatzea da, modalitate olinpiko eta paralinpikoetan. Bekea jasoteak urte osoko kirol jardunari eusteko konpromisoa betetea dakar, joko garbiari, dopinaren kontrako eta bardintasunaren aldeko burrukei jagokezen arauak aintzat hartuz. Eskabidea egitean, beharrezkoa da nazinoarteko azkenaldiko kirol emoitzarik garrantzitsuenak batzen dituan kirol curriculuma aurkeztea, baita 2020 osorako plangintzea be, helburuak eta lehiaketen egutegia tartean.

2020ko Basque Team bekek laguntzino ekonomikoak eta zerbitzu osogarriak eskaintzen ditue: Zerbitzu biomedikoak, kirol prestakuntza optimizetako zerbitzuak, coaching-a, goi mailako kirola lagatzean laneratze babesa, irudia eta komunikazinoa... Kirolariez gan, teknikari espezializaduek be eskatu leikiez bekak.

- Basque Team Kirolaria Bekak: Entrenau eta lehiatzea lehentasunezko jarduera izan daiten laguntzen deutsie kirolariari. Olinpiko eta paralinpikoen artean banatzen dira.

- Basque Team Teknikaria Bekak: Aurrekoen modukoak, baina kirolarien prestakuntzaz arduratzen diran goi mailako profesionalei bideratuak.

- Atzera eraginezkoak: 2019an Basque Team beka baten onuradunak izan diran kirolariek edo teknikariek oinarrietan eskatzen diran merezimenduak lortu ez baditue, laguntzino ekonomiko bat jasoteko eskubidea izango dabe. Bekearen % 50 bermatuta dabe eta beste erdia 2020rako ezarritako emoitza edo helburuak bete ezkero jasoko dabe.

- Support: Aurreko ataletako bekak lortu ez dituen kirolariek 2019ko denboraldian programa olinpikoaren barruko Europako edo Munduko txapelketetako probetan parte hartu dabela egiaztatzen badabe, laguntzino jakin bat jasoteko aukerea izan leikie.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu