Aitor Francesena Basque Team-eko surflaria, Munduko txapeldun
2020-03-16 07:56 KirolaLeticia Canales surflariak hirugarren postua irabazi dau Sydney Surf Pro txapelketan.
Aitor Francesena olatuen jantzan ibili da azken hileotan Kaliforniako surf egokituko Munduko Txapelketara mailarik onenean heltzeko. 2019ko Munduko txapelketea abenduan jokatu behar zan, baina martiora aldatu behar izan eben. Itxaronaldiak ez dau Francesena kikildu eta sasoi ezin hobean heldu da hitzordura.
Aitorrek sendotasunez ekin eutson ibilbideari Munduko Txapelketan Elias Ricardo Diel brasildarraren, Thomas Da Silva frantziarraren eta Pablo Martinez argentinarraren kontra, eta nagusitasunez irabazi eban lehen kanporaketan, VI1 kategorian. 9.00 eta 7.90eko olatu bik emon eutsen lehen postua.
Bigarren kanporaketan be txandako onena izan zan (13.9), Elias Ricardo Diel brasildarraren (13.17), Thomas da Silva frantziarraren (6.94) eta Alvaro Perez uruguaitarraren (2.26) aurretik; holan sartu zan Aitor Francesena final handian.
Finalean, Gallo-k irabazi dau kontra zituanak erraz menperatuta. Francesenak Elias Ricardo Diel brasildarragaz (7.74), Henry Martinez costarricarragaz (7.10) eta Joshua Loya estadubatuarragaz (3.47) neurtu ditu indarrak. Francesenak jasotako puntuazinoak askoz hobeak izan dira. Basque Teameko kirolariak 14.20 puntu lortu ditu (7.33+6.87).
2016an Munduko txapeldun izan zan Aitor, 2017an brontzea irabazi eban eta 2018an laugarren amaitu eban.
Aitor Francesena (Zarautz, 1970)
Glaukomea diagnostikau eutsen 14 urtegaz, eta eskuineko begia galdu eban, ebakuntza ugariren ondoren. Halan da be, ez eutson itxi surfa egiteari, bere bizimodu bihurtu arte.
Aitzindaria izan da beti. Estadu mailan kirol honetako lehen eskolea edegi eban 1988an, Zarautzen. Estaduko lehen surf entrenatzailea izan zan, eta bere irakaskuntza metodoa gaur egun be erabilten da ia eskola guztietan, besteak beste, Aritz Aranburu, Mario Azurza eta Axier Muniain entrenau ditu eta estaduko hautatzaile izandakoa da.
2012an olatu handi batek jo eta ezkerreko begia txikitu eutson, erabat itsu geratuz. Ospitaletik urten eta hiru hilebetera, ostera, barriro surfean hasi zan. Taula zabal eta olatu txikiakaz hasi zan, ondoren taula estu eta olatu handiagoetara pasetako.
Haren lagun Ibon Illarramendik uretara sartu aurretik dagozan baldintzak azaltzen deutsoz, gidatu egiten dau, eta behin zutik jarten danean, berak bakarrik egiten ditu maniobra guztiak. Ibonek lagundu eutson 2016ko abenduan La Jollan (San Diego, Kalifornia) Munduko txapeldun izentau ebenean, baita 2017an be, lehiaketa horretan brontzezko dominea iravbazi ebanean.
Basque Teameko Leticia Canales surflariak hirugarren postua irabazi dau Sydney Surf Pro txapelketan
Denboraldi honetan Australian orain arte egindako lehiaketak ez dira emonkorrak izan gure surflarientzat, baina gogotsu saiatzen danak lortu egiten dau eta hori jazo jako Leticia Canalesi. Sopelako surflaria maila fisikoan bikain dago. Manly Beachen izan da, bertan surf epikoa erakutsi dau, prisarik bakoa baina etenik bako errondak gainditzen lagundu deutsona, lasaitasunari eutsiz eta momentu bakotxean erabagi egokiak hartuz.
Leticia txapelketan sartu zan lehen kanporaketan eta lan bikaina egin behar izan dau txapelketako azken fasera heltzeko, munduko 60 surflari onenen kontra, lehiaketa honetan parte hartzen daben bakarrak.
Lehen fasean Nishimoto eta Hashimoto japoniarrak atzean itxi eta Molly Picklumegaz batera aurrera egin eban. Bigarren kanporaketan MacGonagle eta Bulard jausi eta kanpoan geratu ziran; Leticiak, barriz, aurrera jarraitu eban Johanne Defayregaz batera. Hirugarren kanporaketan, australiar bigaz upealako burrukea izan eban, Andrew kanporatu baina gogorrena laugarren errondan heldu zan. Leticiak Defay frantziarra gainditu eban, CT zerrendako zortzigarrena. Final-laurenetan Molly Picklumen kontra ibili zan barriro hor be ez eban atzera egin. Leticiak 10.00ko puntuazinoagaz gainditu eban australiarra (9.23). Finalerdian Carissa Moore hawaiiarra izan dau kontra, ASP World Tourra lau aldiz irabazi dauen surflaria. Carissak 13.07 lortu dau finalerdietan, eta Canalesek 9.76.
Txapelketearen ondoren berba egin dau Leticiak Basque Teamegaz eta oso gustura agertu da egindako lanagaz. Lortutako 6.500 puntuak oso garrantzitsuak dira munduko sailkapenean gora egiten jarraitzeko, hirugarren postu historiko honen ondoren: Azkenean heldu da emoitzea, sekulakoa Jatyr (bere entrenatzailea) eta ni oso pozik gagoz. Sekulako txapelketea izan da eta txanda asko egin ditugu, batzuk hobeak eta beste batzuk txarragoak, baina beti erritmo onari eutsiz. Pena da Carissa Mooreren kontrako finalerdian erritmoa azken minutuetan hartu dodala, olaturik ez egoalako baina amesa izan da haregaz surfean ibiltea, idoloa dalako niretzat. Oso pozik nago! esan deusku.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!