Aramaioko Izenbakuek finalean sartu dira

Bizkaie! 2020-03-09 11:06   Bertsolaritzea

Finalaurrekoa euren herrian jokatu, eta ez eben hutsik egin.

Aramaion kantau eben bertsolariak (argazkia: Arabako Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Giro bikaina eta umorea izan ziran nagusi Arabako Kuadrillarteko Txapelketako bigarren finalaurrekoan, Aramaioko udaletxean. Etxeko taldea, Izenbakuek, eta Zalduondotik joandako Lautadako ahuntzak lehiatu ziran, eta, talde bietako bertsolariak ederto ibili ziran arren, finalerako leku bakarra egoan jokoan eta Aramaiokoentzat izan zan.

Izenbakuek taldearen izenean honeek egon ziran oholtzan: Manex Agirre, Peru Abarrategi, Andere Arriolabengoa eta Danel Herrarte. Zalduondoko Lautadako ahuntzek, laukote hau aurkeztu eben: Oihane Perea, Markel Yoller, Aitor Najera eta Irati Anda. Arabako txapeldun izandako bertsolari bat talde bakotxean, beraz.

Agurragaz ekin eutsien saioari talde biek. Punturik ez zan banatu ariketa horretan, baina laukoteek ez eben aukerea galdu ondo preparautako bertsoak botetako, mozorro koloretsuak soinean. Ondoren, hainbat ariketa kolektibo egin zituen, horreek bai, puntuagarriak: binaka ofizioetan, hirunaka koplaka, asmakizuna hirunaka...

Epaileek Aramaioko Izenbakuei emon eutsiezen puntu gehien. Egoitz Iradier, Beñat Burgi eta Patxi Aizpurua ibili ziran epaile, eta, gai jartzaile, Eli Plazaola. Honenbestez, Lautadako ahuntzen ibilbidea amaitu da aurtengo txapelketan. Izenbakuek pasau dira Murgiako finalera.

Izenbakuekaz batera, Gasteizko Sumendiola bete poto be finalean izango da, pasa dan asteko finalaurrekoa irabazi ebalako. Hirugarren finalistea zein izango dan zapatuan jakingo dogu, martiaren 14an. Egun horretan, Amurrion jokatuko da hirugarren eta azken finalaurrekoa, Gasteizko Errexala eta Aramaioko Konde Basoko iluek taldeen artean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu