Lucas Eguibar snowboarderra nagusitu da Sierra Nevadako Munduko Kopan

Bizkaie! 2020-03-09 07:55   Kirola

60 parte-hartzaileetatik denporarik onena egin dau Eguibarrek, 54.98gaz.

Basque Teameko snowboarderrak irabazi dau Sierra Nevadan jokatutako boardercrosseko Munduko Kopako probea. Lehenengoa izan da kalifikazino txandan eta gero serie guztietan irabazi dau. Finalean Alessandro Haemmerle austriarra eta Peter Berg alemaniarra gainditu ditu.

Jardunaldia sailkatze txandeagaz hasi da, egunotako haize ufada gogorrakaitik bertan behera itxi behar izan ebelako. 60 parte-hartzaileetatik denporarik onena egin dau Eguibarrek, 54.98gaz. Final-zortzirenetako kanporaketan lehena heldu da helmugara, Omar Vistini italiarraren eta Fillip Freudenberg eta Martin Noerl alemaniarren aurretik.

Final laurenetan, urteera bikaina egin dau Eguibarrek. Berehala atzean itxi ditu da Omar Vistini, Paul Berg alemaniarra eta Senna Leith estadubatuarra. Jatsiera ederra eginda, finalerdietarako txartela lortu dau.

Erronda horretan be buru jarri da urten eta berehala, atzetik Kearney eta Perthonerren arteko ukitu batek biak lurrean itxi eta Berg geldiarazo dau. Lehen postuan geratu da Eguibar, azken metroei aurre eginez.

Dagoeneko finalean, Lucas Eguibarrek Berg, Haemmerle (denporaldi honetan Montafoneko Munduko Kopako irabazlea) eta Jakob Dusek austriarra (bigarren Big Whiten) izan ditu arerio. Urteeratik bertatik, Luki-k abantailea hartu eta aurreko kanporaketetan lez, helmugan lasai sartu eta gozetako aukerea izan dau.

Nire garaipenik onena da. Etxean irabaztea da eskatu daitekeen gauzarik onena. 2017an, urrearen arantzeagaz geratu nintzan, eta begitu, hemen daukagu, esan deutso Lucasek Efe agentziari finala amaitu eta gero.

Lucas Eguibarrek Munduko Kopako hiru proba irabazi ditu dagoeneko, hirurak Veysonnazen (Suitza), 2015ean, 2016an eta 2019an. Bigarren izan zan VallNord-Arcalisen (Andorra) 2014an, Veysonnazen (Suitza) 2015ean eta Feldbergen (Alemania) 2017an. Gainera, brontzezko 5 domina ditu: Arosan (Suitza) 2013an, Sunny Valleyn (Errusia) eta Baqueira Bereten 2016an; Veysonnazen (Suitza) eta Val Thorensen (Frantzia) 2017an. Horrezaz gan, zidarrezko domina bi irabazi zituan Sierra Nevadako Munduko Txapelketan, 2017an, bata bakarkako lehian eta bestea taldekakoan. Birritan izan da olinpikoa, Sochi 2014an eta Pyeongchang 2018an. Errusiako hitzorduan diploma olinpikoa irabazi eban.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu