Zinegoak Sari Nagusia, 'Nech je svetlo' eslovakiarrarentzat

Bizkaie! 2020-03-09 08:00   Zinemea

Europa erdialdean homofobia zelan zabaldu dan salatzen dau film irabazleak.

Zinegoak, Bilboko Gaylesbitrans Nazinoarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren 17. edizinoaren palmaresa jakitera emon dabe antolatzaileek, zezeilaren 24tik martxan egon dan jaialdiaren amaieran. Epaimahaiaren eta publikoaren artean adostutako Zinegoak 2020 Sari Nagusia Marko Škop zuzendari eslovakiarraren Nech je svetlo filmari emon deutsie.

FIK atalean lehiatu da pelikula hori, hau da, fikzinozko lanak batzen dituan kategorian. Halandabe, errealidade gordina agertzen dau, Europa ekialdean gero eta zabalago dabizan homofobia eta gorroto-diskursoak salatzen ditualako Marko Škopek. Filmak gizarte patriarkal eta militarista honen mekanismoak agirian ixten ditu. Aniztasuna isilduarazo eta zigortzen dabe, desirak mugatuz eta personak askatasun barik bizitera kondenatuz, adierazo dau epaimahaiak.

Horrezaz gan, pelikula horretako Zuzana Konecna aktoreak Film Luzeko Bigarren Mailako Antzezpen Saria eskuratu dau, mina, amorrua, inpotentzia eta haserrea antzeztu ditualako maisutanez. Hori guztia ia-ia alkarrizketa barik eta pertsonaia protagonistearen presentzia nabarmenari kontrako pisua eginez. FIK atalean, azkenik, Sócrates film brasildarra be nabarmendu dau epaimahaiak.

DOK sailean Nicole Costa txiletarraren El viaje de Monalisa lanak irabazi dau. Epaimahaiak dinoanez, zinemagile baten eta bere lagun baten arteko akordioa ikusten da filmean. Lagunak autortutako bigarren identidade bat dau, eta ikuslea gau basati eta ederretan barrena eroaten dabe.

Narratiba barriei lotutako KRAK kategorian, azkenik, Jessie Jeffrey Dunn Rovinelliren So Pretty izan da pieza irabazlea, formearen eta edukiaren arteko koherentziagaitik, eta konbentzino heteropatriarkalei aurre egiten deutsen gazte talde baten istorioa konteteagaitik. Zainketen, maitasunaren eta nortasun ez binarioaren politika barri bat pantailara eroan dau zuzendariak.

Atal nagusietatik kanpo, beste film asko be sartu dira 2020ko Zinegoaken palmaresean. Esate baterako, Txetxeniako Errepublikako giza eskubideen krisia agirian ixten dauen Chechnya film laburrak Aniztasunaren eta Giza Eskubideen saria irabazi dau. Indianara dokumentalak aitamen berezia jaso dau, kalean dagozan transexualen burrukea ezin dalako ahaztu.

Hammad Rizviren Rani film laburrak Epaimahai Seniorraren Saria lortu dau, bazterketea, indarkeria eta kontrol sozial handiko ingurunean istorio hunkigarria aurkezteagatik. Pakistanen emakume trans batek sufriduten dauen indarkeria salatzen dau. Gazte Epaimahaiaren Saria, ostera, Rati Tsiteladzeren Prisoner of Society film laburrak  irabazi dau, lengoaia transgresore baten bidez Georgiako trans personek bizi daben errealidade gordina salatzeagaitik.

Gorputz guztien aniztasuna aldarrikatzen daben lanek be protagonismoa hartu dabe palmaresean. KC Cory zuzendariaren Bodies like oceans film laburrak irabazi dau Lesbianismo eta Generoaren Saria, epaimahaiaren ustez genero binariotik kanpoko sortzaile batek egindako obra ederra dalako, eta, ganera, bere gorputza be errodajean erakutsi dauelako. Espazio publikoetako lodifobia eta gorputzei ezarritako arauak salatzen ditu.

Publikoaren Film labur Onenaren Saria Arantza Ibarrak zuzendutako Mi pequeño gran samurai filmak irabazi dau. Ekai Lersundi trans gaztearen istorioa kontetan dauen dokumentalak, batez beste, 8,6ko balorazioa lortu dau Zinegoak jaialdiko ikusleen artean. Euskal Aktoreen Batasunak emoten dauen Interpretazino Onenaren Sariari jagokonez, Silvana Mihai aktorea saritu dabe, Bogdan Theodor Olteanu zuzendariaren Câteva conversații despre o fată foarte înaltă filmean egindako lanagaitik.

 

Argazkiak: Zinegoak

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu