Emakumeek egindako zinemea, BilbaoArten

Bizkaie! 2020-03-05 10:09   Zinemea

Hurrengo zazpi astelehenetan, Mark Cousins irlandarraren dokumental saila proiektauko dabe.

Proposamen interesgarria dakar BilbaoArte zentroak hurrengo asteetarako, zinemearen historia  ezkutua ezagutzeko aukerea egongo dalako, emakumeek zazpigarren arteari egindako ekarpen oparoa hain zuzen. Izan be, salbuespenak salbuespen, zinemagintzearen bilakaeran ezinbesteko izan diran emakumeak ahaztuta geratu dira.

BilbaoArtek antolatu dauena, zehatz esanda, Mark Cousins kritikari eta idazle irlandarraren dokumental sailaren proiekzinoa da. Women Make Film: A New Road Movie Through Cinema izenburuko lan luze horrek (14 ordu danetara) emakumeek egindako zinemearen historia argitara ekarten dau, aitatzen dituan 700 filmen bidez. Modu sistematikoan ezkutautako lan oparo horri estalkia kentzeko ahalegina egin dau Cousinsek.

Autore eta pelikulen bidez, dokumentalak hainbat helburu beteten ditu: Hollywoodetik aparteko zinematografiak jorratzea eta historia emakumezko zinemagileen lanaren bidez aztertzea. 13 hamarkada eta bost kontinente agiri diranez, kasu askotan, galdutako piezen erreskate lanetan ibili da Women Make Film proiektuko lantaldea. Tilda Swinton eta Jane Fonda izan dira Cousinsen laguntzaile nagusiak sail hau egiteko orduan.

Astelehenero emongo ditue dokumental sailaren zati edo atalak BilbaoArten, martiaren 9an hasita, zazpi astez. Hau da, apirilaren 20ra arte. Emonaldi guztiak 19:00etan hasiko dira. Lehenengo egunean, berbarako, dokumentalaren lehenengo bloke biak emongo ditue, edegierak, tonua, sinesgarritasuna, pertsonaia bat aurkeztea eta Meet Cute izeneko arloak jorratzen dituenak.

Zikloaren antolatzaileek adierazo dabenez, ehundazak zuzendariren testigantzak eta film zatiak jasota dagozan arren, dokumentalaren 840 minutuetan iceberg erraldoi baten tontorra baino ez da jasoten. Emakumeek zinemearen historian egindako ekarpenaren zati txiki bat besterik ez da, uste doguna baino zeregin erabagigarriagoa izan dabelako.

Egitarau osoa, behean:

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu