Artium-ek zinema feministearen historiari buruzko programa bati ekingo deutso

Bizkaie! 2020-03-04 08:46   Zinemea

Zikloak zinema-hizkuntzea eregiten lagundu eben emakume zuzendariak hurreratuko deuskuz.

Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak Hasieratik. Zinema feministearen istorioak eskainiko dau martiaren 7tik aurrera, zazpigarren artearen historian beste ibilbide bat dakarren hilean behingo saioz osotutako zinema zikloa. Bidaia horretan, emakumeak eta diskurso feministea hasiera-hasieratik agiri dira eta hizkuntza zinematografikoan momentu garrantzitsuenen parte dira. Zikloa Artium Museoaren eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazinoarteko Zentroaren arteko lankidetzea da eta zentro horretako Zinema eta Ikus-entzunezko Arloak koordinetan dau.

Zikloak zazpi saio izango ditu, hilean bat, martitik bagilera, urrian, zemenduan eta abenduan. Lehen saioa (martiaren 7an, zapatuan, 18:00retatik aurrera) Lur Olaizolak (Donostia, 1988) aurkeztuko dau, zinemagile eta Tabakalerako Ikus-entzunezkoen koordinatzaileak eta zinemagintzan aitzindari izan ziran zuzendariei eskainia egongo da, hasieratik zinemagintzearen hizkuntzea eregiten lagundu ebenei: Alice Guy, Germaine Dulac eta Maya Deren-i.

Alice Guy (Saint Mandé, 1873 - Wayne, 1968) zinemearen historiako lehen film narratiboaren, La Fée aux Choux (1896), egiletzat joten da, Lumière anaiek film baten lehen proiekzinoa egin eta urtebetera. Guy, ia genero guztietako 600 film baino gehiagoren egilea, zazpigarren artean maila profesionalean ibilitako lehen personea izan zan eta efektu bereziak erabilten aitzindaria. Artiumek Alice Guyren film labur bi eskainiko ditu lehen saio honetan: Les résultats du feminisme (Feminismoaren ondorioak; 1906), bertan, genero-rolak barregarri ixten dira feminidadearen estereotipoei erantzuten deutse gizonakaz eta maskulinidadearen kanonen arabera jokatzen daben emakumeakaz; eta Madame a des envies (Andreak gurariak ditu; 1906), garai haretako zenbait genero-kode irauliz.

Germaine Dulac (Amiens, 1982 - Paris, 1942), barriz, zinema zuzendaria, produktorea eta teorialaria izan zan. Bere lehen pelikulak 1915ekoak dira eta hainbat film komertzialen ondoren abangoardiako lurralde esperimentaletan sartu zan. Zikloaren barruan haren film feminista garbiena joten dana proiektauko dabe, La souriante Madame Beudet (La sonriente señora Beudet; 1923) inpresionistea.

Azkenik, Maya Deren (Kiev, 1917 - New York, 1961) XX. mendeko zinema esperimentalean eragin handiena izan eban zinemagileetako bat izan zan, seguru asko. Zuzendaria, koreografoa eta idazlea, arte plastikoen eta zinemearen arteko loturan funtsezko irudia da, Guggenheim bekea jaso eban lehen emakumea izan zan 1946an. Haren bigarren filma proiektauko da Hasieratik zikloan, At Land (Lehorrean; 1946), film labur mutu surrealistea.


Chantal Akerman, Agnès Varda, Mirentxu Loyarte...

Hasieratik. Zinema feministaren istorioak zikloaren lehen saio honen ondoren beste sei etorriko dira apirilean, maiatzean, urrian, zemendian eta abenduan. Apirilean, hain zuzen be, Saute ma ville (Lehertu zaitez nire hiria; 1968), Chantal Akermanen (Brusela, 1950 - Paris, 2015) opera prima film laburra proiektauko da eta Věra Chytilova txekiarraren (Ostrava, 1929 - Praga, 2014) Daisies (Bitxiloreak; 1966) luzea, Europako zinema esperimentalaren funtsezko lantzat joten dana.

Maiatzeko saioa Agnès Varda (Brusela, 1928 - Paris, 2019) zuzendariari buruzkoa izango da, Europako zinemearen eta erro feministako zinemearen Olatu Barriko personarik nabarmenetako bat, 2017an ohorezko Oscar saria jaso ebana. Film bi eskainiko dira: Réponse des femmes: Notre corps, notres sexe (Emakumeen erantzuna: gure gorputza, gure sexua; 1975) film laburra eta Daguerréotypes (1976). Bagilean, Callisto McNultyren (Paris, 1990) Delphine et Carole, insoumuses (2019) dokumentalaren txandea izango da, 1970eko hamarkadako burruka feministeari buruzko lana, oinarrizko izen bi gogoan hartuta: Carole Roussopoulos eta Delphine Seyrig.

Urtearen amaieran, urrian, Laura Mullvey-ren (Britainia Handia, 1941) eta Peter Wollen-en (Londres, 1938) Riddles of the Sphinx (Esfinjearen igarkizunak; 1977) filmak ikusi ahal izango ditugu; zemendian Euskal emakumeak (1981), Mirentxu Loyarterena (Iruñea, 1938) eta Born in flames (1983), Lizzie Borden-ena (Detroit, 1958); eta abenduan, Cheryl Dunye (Liberia, 1966) zuzendariaren The Watermelon Woman (Angurri-emakumea; 1996).

Kontuak kontu, saio guztiak Emonaldi aretoan izango dira. Aurkezpena 18:00retan. Proiekzinoak 18:30ean.

Tarifea: 2,00€ saioko. Ziklo osorako txartela: 10,00€

Museoaren Adiskideen tarifea: €1,00 saioko. Txartela: 5,00€

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu