'Let there be light': Europan gorroto diskursoen igoerea erakusten deuskun filma
2020-03-03 13:23 ZinemeaFilmaren proiekzinoa martiaren 4an izango da, 21:15ean, Bilborocken.
Zinegoak Bilboko gaylesbitrans zinema eta arte eszenikoen jaialdiak prentsaurrekoa atondu dau gaur Nech je svetlo (Let there be light) filma aurkezteko. Prentsaurrekoan Marko Škop zuzendariak parte hartu dau, Zinegoakeko ordezkariakaz batera: zuzendaritza taldeko Alaitz Arenzana eta Carlos Loureda programatzailea.
Aurten Zinegoakeko leloa Hamaika modu izateko, sentiduteko, maitatzeko eta biziteko da eta lelo hori programazinoan islatzea izan da helburua, izan be, sexu-aniztasuna ez da orientazinora mugatzen, hori baino askoz gehiago da eta hori agirian geratu da programazinoan agertzen diran pelikuletan. Horrezaz gan, Zinegoaken helburua izan da suizidioaren gaiari ikusgarritasuna emotea eta LGTBI+ personek sufriduten daben biolentzia heteropatriarkala salatzea. Eta azken elementu bi horreen arteko bidegurutze horretan dago Let there be light film ederra. Pelikula honek gaurkotasun handiko gaiak dakarz. Zoritxarrez, hainbat adibide topau geinkez mundu zabalean, Brasilen Bolsonarogaz, adibidez, edo Europan bertan, Polonian jazoten danagaz: herrialdearen heren bat LGTB personarik bako lurralde izentau dabe, erakunde publikoen babesagaz. Txetxenian be, gizon ugari atxilotu ditue homosexualak izatearen akusazinopean. Zinegoaken errealidade horreek guztiak islatzen dituen filmak topau ahal izango ditugu.
Marko Skopek zuzendutako film honetan ikusi geinkenez, askotan indarkeria heteropatriarkalak ez dau LGTBI komunidadea bakarrik joten, taldearen presino sozialari aurre egiten deutsienek be biolentzia hori sufriduteko arriskua izan leikie, are gehiago nerabeen kasuan. Heteroarautik kanpo biziten saiatzen diranak be, indarkeria heteropatriarkatuaren jomugan egon daitekez.
Let there be light hainbat jaialditan hautatua izan da: Semincin, Txikagoko Jaialdian edo Karlovy Varyn, besteak beste; azken horretan, adibidez, aitamen berezia irabazi eban. Oskarretako azken edizinoan be, Eslovakiako hautagaia izan da.
Film honetan suspensea in crescendo doa. Istorioa benetan gogorra da: familia batek aurre egin behar deutso errealidade ezezagun bati, errealidade horrek ganezka egingo deutse eta euren komunidadea isilik geratuko da sufriduten dagozanen aurrean. Gainera, politika eta erlijinoaren arteko lotureak egoera okerragoa eragingo dau. Bertan agertzen dan istorioaren moduko egoerak, zoritxarrez, Europako eta munduko hainbat txokotan jazoten dira.
Kontuak kontu, Let there be light filma bihar proiektauko dabe, martiaren 4an, 21:15ean Bilborock aretoan. Proiekzinoaz gan, Marko Skop zuzendaria be bertan egongo da eta, beraz, ikusleek haregaz pelikulea komentetako aukeera izango dabe, filmaren osteko barriketaldian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!